2014/12/22

Urte euskahaldun on!

iritzia: 

Oporretara goaz!

iritzia: 

Oporretara goaz Goiztiri AEK euskaltegikook eta urtarrilaren 7an itzuliko gara. Bien bitartean, euskaltegietako ateak itxita egongo dira eta bloga ere ez dugu eguneratuko. Gabon zoriontsuak izan eta urte euskahaldun on!



Estitxu Telleria segurarrak irabazi du EGAren atariko probaren lehiaketa

iritzia: 


Azaroan EGAren atariko probaren inguruko lehiaketa jarri genuen martxan, 10 baietz izenarekin. Goierriko hainbat tabernetan utzi genituen hamar galderez osatutako probak eta galdera guztiak zuzen erantzuten zutenek sari eder baten zozketan sartzeko aukera zuten. Bada, 104 proba jaso ditugu guztira eta lagun bakarrak asmatu ditu hamar galderak, beraz, berak eskuratu du saria. Estitxu Telleria segurarra izan da irabazlea eta zera lortu du: Kixket okindegian 2 lagunentzako gosaria, Bi bala talderaren Wasabi diskoa, Kenzazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa diskoa, Korrika 18ren kamiseta eta diru-zorroa. Zorionak, Estitxu eta gozatu!

Hementxe dituzue atariko probaren erantzun zuzenak:


Mila esker parte hartu zenuten guztioi!

Jubilatuek ere Gabonetako postalak egin dituzte

iritzia: 


Abenduan postal lehiaketa egin dugu ikastetxeetako ikasleekin eta jubilatuek ere marrazteko duten trebezia erakutsi nahi izan dute, guztioi Gabon zoriontsuak opatzeko. Zer iruditzen zaizkizue? Politak, ezta?



2014/12/20

Korrika 19ren arropa salgai

iritzia: 

Senitartekoei edota ingurukoei zer oparitu ez dakizula al zabiltza? Bada, Korrika 19ren arropa eros dezakezu, produktu sorta ederra daukagu-eta: kamisetak,izerditakoak, txalekoak, bixerak, lepokoak, motxilak...


Beasaingo Herri dendan aurkituko duzu arropa (San Inazio kalean, udaletxetik gertu). Denda ostiraletan (17:00etatik 19:30era arte) eta larunbatetan (10:00etatik 13:00etara) egongo da zabalik otsail bukaerara arte. 
  

Dendara gerturatu ezin baduzue, berriz, Internet bidez eros dezakezue hementxe bertan


Animatu eta euskahaldundu arroparen bidez ere!

2014/12/19

Hamaiketakoak eta askariak Gabon aurreko azken klaseetan

iritzia: 
AISA taldekoek ikastaro amaierako ospakizunak egin dituzte jan-edana tarteko dela, baina ez dira bakarrik izan. Ikasturtea ekainean amaituko duten taldeek ere hamaiketakoak eta askariak egin dituzte urteko azken klasea goxatzeko. Azpiko argazkian dituzue, adibide gisa, asteazken iluntzea goxatzeko askari ederra egin zuten Ordiziako A2 taldekoak.


Dena ez da jana eta edana izan, ordea. Kultur edukiak ere izan dira tartean. B1 eta C1 taldeetako ikasleek, esaterako, Bypass pelikula ikusi zuten asteazkenean. Filma ikusi ondoren, baloratu egin zuten eta zer moduzkoa  iruditu zitzaien kontatu zuten. Ia denei dibertigarria iruditu zitzaien eta barre asko egin zuten filmarekin. Zuek gustuko al duzue?



Hiru AISA taldek amaitu dute ikastaroa

iritzia: 
Urtea amaitzear gauden honetan, ikastaro batzuk ere bukatu dira dagoeneko, AISAkoak hain zuzen ere. Etorkinei zuzendutako AISA ikastaroak 60 ordukoak dira, euskararekin eta Euskal Herriarekin lehen harremana egin eta oinarrizko gauzak ikasteko baliagarriak. 


Joan den astean, Ordiziako arratsaldeko AISA ikasleek askaria egin zuten klasean euskaltegiari eta ikaskideei agur esateko. Gaur, berriz, Zegamako AISA ikasleen txanda izan da eta puxikekin kokapenak (atzean, aurrean, barruan...) lantzeko jolasa egiteaz gain, hamaiketako ederra egin dute. 




Legorretako AISA taldekoek, berriz, udaletxeko sarreran erakusketa txiki bat jarri zuten egun hauek munduko hainbat tokitan nola igarotzen diren kontatzeko. Nigeria, Honduras, Kuba, Nicaragua, Errumania eta Tailandiako ohituren berri eman zuten. Tailandian, esaterako, ez dira Gabonak ospatzen eta urtea ere ez da abenduaren 31n amaituko eurentzat. Urte bukaerako ospakizunak apirilaren 13-15 bitartean egiten dituzte.



Ondo jarrai dezazuela, AISAko ikasleok, eta jarraitu euskalduntze bidean. Ea berriz elkar ikusten dugun!

2014/12/18

Gabonetako postal lehiaketako sariak banatu ditugu

iritzia: 

Urteroko ohiturari jarraituz, Euskal Gabonak irudikatzen dituzten postalen lehiaketa antolatu dugu eta Ordizia eta Jakintza ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 3,4,5 eta 6.mailako ikasleek hartu dute parte. Euskaltegiko ikasle eta irakasleek egin dute epaile lana eta asteartean egin genuen sari banaketa Barrena jauregian. Bertan bildu ziren sarituak, euren lagunak eta senitartekoak. Hauxek izan dira 2014ko irabazleak:



SARITUAK



3.MAILA

Elene Etxeberria (Jakintza)

4.MAILA

Anitz Arraiza (Jakintza)

5.MAILA

Aitana Cabido (Urdaneta)

6.MAILA

Uxue Mujika (Jakintza)







Hirugarren eta laugarren mailako irabazleek 64 euroko bonua eta 5.eta 6.mailakoek 70 eurokoa  jaso dute Lazkaoko Gerriko dendan erabiltzeko. Zorionak, irabazleei! 


Lehiaketan parte hartu duten postal guztiekin osatutako erakusketa Barrena jauregian izango da zabalik urtarrilaren 4ra arte.Animatu eta hurbildu ikustera!


2014/12/17

Aloña Goibururi egokitu zaio Liburu eta Disko Azokako saria

iritzia: 
 

XXV. Euskal Liburu eta Disko Azokak ateak itxi bezain laster, zozketa egin genuen liburu sorta norentzat izango zen jakiteko. Aloña Goiburu izan da irabazlea eta bere alabarekin batera jaso zuen saria Beasaingo euskaltegian. Zorionak eta gozatu!

Hainbat ekintza izan ditugu Beasaingo Liburu Azokan

iritzia: 


Abenduaren 12tik 14ra izan da zabalik XXV.Beasaingo Liburu eta Disko azoka, Goiztiri euskaltegikook antolatuta. Liburu eta diskoen salmentaz gain, nahiko egitarau betea izan dugu aurtengoan. Ostiral goizean Olentzeroren marrazki lehiaketaren sari banaketa izan zen eta gaztetxo eta senitarteko ugari bildu ziren plaza azpian.


Arratsaldean, hileroko literatur tertulia egin zuten hamabost bat lagunek, Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da liburua ardatz hartuta.


Larunbat goizean, Goierriko bertso eskolako bertsolariak aritu ziren kantuan Aitor Calvillo gai-jartzaile zutela eta, jarraian, trikitilariek euren saioa eskaini zuten. 


Arrastian, berriz, literatur solasaldia egin zen hiru beasaindar idazle gazte bertan zirela: Irati Goikoetxea, Unai Baztarrika eta Mikel Alvarez. Euren azkeneko lanen inguruan solastu ziren: Andraizea narrazio liburua, Ezinbestean poema liburua eta Finlandia atalkako nobela. 


Ondoren, musikari buruzko tertulia izan zen Mikel Alvarezek gidatuta. Igor Alustiza, Xabi Mujika eta Unai Cuadrado herriko gazteek parte hartu zuten bertan. 


Mila esker azokan erosketak egin edota ekintzetan parte hartu zenutenoi. Datorren urtean berriz izango gara elkarrekin eta, bien bitartean, jarraitu musikaz eta literaturaz gozatzen!

2014/12/15

Gabonetako postal lehiaketaren sari banaketa bihar

iritzia: 
 

Ordiziako Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetako 3,4, 5 eta 6. mailako ikasleek Euskal Gabonetako postalak egin dituzte Goiztiri AEK euskaltegikook urtero antolatzen dugun lehiaketarako. Euskaltegiko ikasle eta irakasleek egin dute epaile lana eta bihar, abenduak 16, izango da sari banaketa Ordiziako Barrena jauregian, 18:30ean. Sari banaketaz gain, parte hartu duten guztien postalekin osatutako erakusketa ikusteko aukera izango da Barrena jauregian bertan. Animatu eta gerturatu Barrenara!

2014/12/11

Liburu eta Disko Azokak izango dira asteburuan Goierrin

iritzia: 
 
Goierriko bost herritan (Ataunen, Lazkaon, Beasainen, Ordizian eta Seguran) egingo dira Liburu eta Disko Azokak asteburu honetan 'Azokak batzen gaitu' lelopean. Beasaingo azokak 25.edizioa du aurtengoa eta Goiztiri AEK euskaltegiak antolatu du udalaren eta Mirentxu liburu-dendaren laguntzaz. Azoka ostiral goizetik igande arratsaldera egongo da zabalik eta aurten kaleratu diren liburu, disko eta jolasak aurkituko dituzue bertan %15eko beherapenarekin. Hori gutxi balitz, produktu sorta bat ere zozketatuko da erosleen artean.



Produktuez gain, hainbat ekintza ere izango dira datozen hiru egunetan: irakurle tertulia, herriko idazle eta musikariekin solasaldiak, haurrentzako jolasak, trikitilari eta bertsolariak, mahai-ingurua, irakurTOUR jolasa...


Zatozte azokara, zain izango gaituzue eta!


2014/12/09

Abenduko lehiaketa

iritzia: 
 

Hilabete honetako galdera: Errigoraren zenbat saski saldu dira 2014ko udazkeneko kanpainan?


Saria: Errigoraren saskia.



Parte hartzeko azken eguna: abenduak 17.
Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.


Lehiaketaren laguntzailea:
                                 

2014/12/05

Ondarruko berbak

iritzia: 
 

Ondarrun hitz ugari erabiltzen dituzte bertakoak ez garenontzat arrotzak direnak. Ea hitz hauen esanahia asmatzeko gai zareten!

- Intxirrikatun
- Pipilinu
- Famau
- Berbak
- Trunpalle
- Borragarrixe
- Txitxin potxin
- Diarrotsa
- Errie eman
- Kikirri euki
- Zibota
- Txupilla

Bota zuen erantzunak, lotsarik gabe!

Euskararen eguna Goierrin: mintzodromoa, lasterketa, omenaldia...

iritzia: 
Abenduaren 3an hainbat ekintza burutu ziren Goierrin euskararen eguna ospatzeko. Beasainen Mintzodromoa egin zen eta Goiztiri AEK euskaltegiko irakasle eta ikasle batzuek bertan parte hartu genuen. Hiru gairi buruz aritu ginen solasean: Beasain hemendik 10 urtera nolakoa izango den, erretiratuen bizimodua eta itxura fisikoari ematen diogun garrantzia. Fresko egiten zuen arren, giro goxoan aritu ginen solasean bertan bildutako ikasle eta herritarrak txokolate beroaren laguntzaz.


Ordizian, berriz, herri lasterketa eta ekitaldia egin zituzten. Abesteaz gain, Jose Mari Goenaga zinema zuzendariari ere omenaldia egin zioten. Ekitaldian parte hartu zuten Ordiziako euskaltegiko irakasle eta ikasleek ere.


Zer moduz ibili zineten? Gustura ala?

Goierrin egindako ekitaldietako argazkiak Goierriko Hitzan.

2014/12/04

Durangoko Azoka omenduko du Korrikak igandean

iritzia: 
Mende erdia beteko du Durangoko Azokak 2015ean. Ibilbide luze horrengatik eta auzolanean eta elkarlanean egindako lanagatik omenduko du Korrikak. Omenaldi ekitaldia abenduaren 7an izango da, 20:30ean, Ahotsenea gunean. Besteak beste, Asier Amondo Korrika arduradunak eta Durangoko Azokako zortzi guneetako ordezkariek parte hartuko dute ekitaldian. Korrika 19rako egindako 'Gu euskahaldunak' gara dokumentala ikusteko aukera ere izango da bertan. 


Ekitaldia zuzenean jarraitzeko modua izango da Korrikaren eta EITBren webguneetan.


Horretaz gain, Korrika laguntzaile txartela lortzeko parada ere izango duzue Durangoko azokan, 12 euroren truk. Txartel honi esker, Euskal Herriko hainbat komertziotan beherapenak izango dituzue. Honen inguruko informazio gehiago duzue hemen.


Gogoan izan Durangoko Azokak abenduaren 5etik 8ra izango dituela ateak zabalik eta bertan topatuko dituzuela aurten euskal kulturan sortutako hainbat eta hainbat liburu, disko, ikuskizun...

Hementxe duzue aurtengo egitarau osoa, egunez egun.


Korrikari buruzko lehiaketaren irabazleak

iritzia: 

Joan den astean Korrika lehiaketa egin genuen Ordiziako euskaltegian, A2, B1 eta C1 taldeetako ikasleekin. Lehenik eta behin, jolasa egin genuen ikasleak taldekatzeko, maila ezberdinetako ikasleak izan zitezen talde bakoitzean. Ondoren, Korrikari buruzko lehiaketari ekin genion. Irakasleok 15 bat galdera egin genizkien ikasleei eta taldeek txandaka erantzun behar izan zuten. Zuzen erantzunez gero, puntu bana lortzen zuten; oker erantzunez gero, berriz, hurrengo taldeak izaten zuen asmatzeko aukera. Errebotean zuzen erantzundakoek puntu erdia jasotzen zuten. Jolasaren amaieran, argazkian agertzen den taldea izan zen irabazle. Diploma ederra eta metxeroak eskuratu zituzten. Zorionak!


Esku-hutsik geratu ziren ikasleak ere, klasera etorri aurretik baino beteago itzuli ziren etxera. Izan ere, Korrikari eta AEKri buruzko kontu asko ikasi zituzten. Ez al da hala?  Zer informazio berri jaso zenuten? Kontatu, kontatu!

2014/12/03

Hamaika hizkuntza, borroka bakarra

iritzia: 
Askapena erakunde internazionalistak eta Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak Euskararen Nazioarteko Egunerako (ENE) bideoa egin dute auzolanean. Herrialde Katalanetatik, Maputxe herritik, Aragoitik, Korsikatik Boliviatik, Irlandatik eta Japoniatik iritsitako mezuekin osatu dute ikus-entzunezkoa. Helburua zera da: Euskararen Nazioarteko Egunean, munduko herrien arteko elkartasuna jorratu eta ikusaraziz, herri mugimendutik euskaldun eta euskaltzaleei mezua zabaltzea aurrerantzean ere euskararen alde lan egiten jarrai dezagun.


2014/12/02

Euskararen Eguna aldarrikatzeko hainbat ekitaldi Goierrin

iritzia: 
Abenduaren 3an ospatzen dugu Euskararen eguna eta atzo hainbat eragile elkartu zen Beasaingo plaza azpian, bertako Udalak egindako adierazpen instituzionalarekin bat egiteko. Hainbat tokitan egindako adierazpenez gain, ekitaldi ugari antolatu dira.


Beasainen, esaterako, mintzodromoa antolatu dugu Goiztiri AEK, Beasaingo Udala eta Beasaingo Udal euskaltegiak. Arratsaldeko 19:00etan izango da plaza azpian eta euskaraz ikasten ari direnak eta euskaraz bizi direnak elkartuko dira hiru gairen inguruan solasean aritzeko. Aurrez 'Euskara, ospela eta egutera' dokumentala izango da toki berean. 


Animatu eta parte hartu!

Gainerako herrietako egitaraua Goierriko Hitzan.

2014/11/27

Korrika 19ren kanta: denok Korrikara!

iritzia: 
Hementxe duzue Korrika 19ren abestia: Urepeletik Bilbora, denok Korrikara!


2014/11/26

Euskararen Egunerako erronkak

iritzia: 
Abenduaren 3an izaten da Euskararen Nazioarteko Eguna eta ordurako bi erronka berezi ditugu euskaldunok: sarean euskarazko 20.000 hitzen ahoskera lortzea eta sexu-hiztegia aberastea.
 
Elhuyar hiztegien eta Forvoren webguneek sortu dute #esanHitza erronka. Euskarazko ahoskerak biltzea du helburua, Interneten euskara gehiago entzun dezagun. Dagoeneko bada hainbat hitzen ahoskera Elhuyarren orrialdean baina kopurua handitzea da asmoa. 

 
#esanHitza erronkan parte hartzeko bi modu daude: hiztegiaren webgunean kontsulta egitean zein hitz falta diren begiratuta edo, bestela, ahoskatu gabeko hitzen zerrendara jota. 


Horretaz gain, Gaztea irratiak ere euskara eta sexuarekin lotutako helburua finkatu du egun bererako. Sexuarekin lotura duten hitzak bildu nahi dituzte: originalenak, dibertigarrienak, ausartenak, lekuan lekukoak...
'69 baietz' lelopean jarri dute martxan lehiaketa eta saski erotiko pertsonalizatua zozketatuko dute parte hartzen dutenen artean.

Gaztearen lehiaketari buruzko informazio gehiago hemen.

Izan Mintzalagun Beasainen!

iritzia: 
 

Mintzalagun egitasmoa aurkeztu dugu Beasainen Goiztiri AEK-k, Beasaingo Udalak eta Udal euskaltegiak. Euskaraz ikasten ari direnei euskaraz hitz egiteko guneak eta solaskideak izateko aukera ematea da helburua. Egitasmo hau burutzeko egunerokoan euskaraz aritzen direnak eta, batez ere, euskaraz ikasten ari direnak edo egunerokoan erabiltzeko zailtasunak dituztenak behar dira.Mintzalagunak astean behin elkartzen dira ordubetez, eurek nahi duten ekintza (kafetxo bat hartu, paseo bat eman...) egiten duten bitartean euskaraz hitz egiteko. 


Mintzalagun egitasmoan parte hartu nahi baduzu, abenduaren 19ra arteko epea duzu izena emateko. Goiztiri AEKren Beasaingo euskaltegian (Urbialde plaza 7, behea / 943 88 93 40), Udal euskaltegian edota Udaleko Euskara eta Kultura sailean eman daiteke izena. 

Horretaz gain, datozen asteetan Mintzalagun izateko fitxak betetzeko mahaiak jarriko dira Beasaingo kaleetan. 

Animatu eta eman izena!

2014/11/25

Natazko eta kremazko kruxpetak egiten ikasteko saioa

iritzia: 
Badakigu zuetako asko gozozaleak zaretela eta Gabonetarako zer postre egin pentsatzen ari zaretela. Bada,kruxpetak egiten ikasteko gogoa baduzue, oraintxe duzue aukera paregabea; abenduaren 1ean egingo dugu ikastaroa, 18:00etatik 20:00etara, Arriarango Intxaurpe elkartean. Nataz eta kremaz betetako kruxpetak egiten irakatsiko digu Tolosako Gozona gozotegiko Ansel Ibañezek. Parte hartu nahi duenak hiru euro ordaindu beharko ditu eta azaroaren 27a baino lehen eman behar du izena. Animatu eta parte hartu!

2014/11/20

Euskal produktuak merkeago AEKren ikasle zarelako

iritzia: 
AEKren ikaslea bazara, neguko irakurle kanpainaren bidez euskal kulturaz gozatzeko aukera izango duzu: liburuak, diskoak, hiztegiak, aldizkariak...Dendetan baino prezio merkeagoan eskura ditzakezu, gainera. Zuretzat izan daiteke edo Gabonetan zure ingurukoren bati oparitzeko. Interesa baduzu, azaroaren 28a baino lehen bete behar duzu eskaera orria eta baita ordainketa egin ere, ziurtagiria eta eskaera orria euskaltegian utzi behar baitituzu epea amaitu baino lehen. Animatu eta gozatu euskaraz!

2014/11/18

Jubilatuen taldea

iritzia: 

Ordiziako jubilatuena dugu euskaltegiko talde egonkorrenetako bat. Ordiziako jubilatuen egoitzan ematen dira klaseak asteazken eta ostiraletan eta fin-fin agertzen dira ikasleak hitzordura. Klaseetara joateaz gain, hainbat ekintzetan parte hartzen dute ikasturtean zehar: Euskararen Egunean, Agata Deuna bezperako kopla kantuan, postre ikastaroetan...

Argazkikoa duzue 14/15 ikasturteko taldea. Dotore eta irribarretsu ageri dira guztiak. Talde polita da, ezta?

2014/11/17

B1eko ikasleari egokitu zaio urriko lehiaketako saria

iritzia: 
Urriko lehiaketak badu irabazlea, Laura Nieto B1 taldeko ikaslea, hain zuzen ere. Bidaia intimoak DVDa eta Kashbad taldearen azken diskoa lortu ditu Laurak eta azpiko argazkian ageri da,ezkerrean, irakasle duen Oihanerekin batera. Bejondeizula, Laura, eta gozatu sariaz!


Gogoan izan azaroko lehiaketa ere martxan dugula. Animatu eta parte hartu!