2013/12/20

Soldata-errifak salgai daude Goierriko hainbat tokitan

iritzia: 
 

Urte osoko soldata baten, hilean 1000 eurokoa, zozketan parte hartzeko errifak salgai ditugu Goierriko hainbat tokitan. Errifak 2 euroan daude salgai eta errifa bakoitzak zortzi zenbaki ditu. Zenbaki saritua ONCE elkartearen 2014ko otsailaren 28ko zozketan saritutakoarekin bat datorrena izango da eta txartel sarituak hilabeteko epea izango du saria jasotzeko. Boleto saritua aterako ez balitz, ONCE elkartearen 2014ko apirilaren 3an saritutakoarekin bat datorrena izango da zenbaki saritua. Horrek ere hilabeteko epea izango du saria jasotzeko.


Honako tokietan topatuko dituzue errifak salgai:

Ataun: Troskaeta, Sutegi, Errotaundi, Urbitarte.
Beasain: Arrano, Basakana, Antzizar, Lauburu.
Idiazabal: Xume.
Itsasondo: Kaxintane.
Lazkao: Antsoategi, Alboka.
Legorreta: Olaso. 
Ordizia: Herrikoa, Arantxa, Kikoenea, Pottoka eta La Paz.
Segura: Elorripe.
Zaldibia: Joxepa.
Zegama: Itzala.

Erosi errifak AEKren alde!

2013/12/19

Hizkuntza aniztasuna

iritzia: 
Euskararen ginkana lehiaketan ari gara parte hartzen eta bigarren proban erronka polita jarri digute. Herri honetan hizkuntz aniztasuna badela azpimarratu dute eta horren erakusgarri bideo bat grabatu behar izan dugu. Bideoan euskaltegiko ikasle diren hiru lagunek euren burua aurkeztu digute eta honako esaldi hau esan dute euskaraz eta beste lau hizkuntzatan: hizkuntza aniztasunak aberatsago egiten gaitu. 

Ikusi, ikusi bideoa!


Zer iruditu zaizue? Gustatu al zaizue?


2013/12/18

Gabonetako postal lehiaketako sari banaketa izango dugu bihar Barrenan

iritzia: 
Urteroko legez, Gabonetako Postal Lehiaketa dugu martxan. Lehiaketa honen helburua euskal gabonen ezaugarriak eta pertsonaiak Ordiziako ikastetxeetako haurrei gerturatu eta postalen bidez lantzea da. Bide batez, euren jarduna ere gizartzeratzen dugu erakusketaren bidez. 

Jakintza eta Urdanetako 5. eta 6.mailako ikasleek eta DBH1koek hartu dute parte lehiaketan eta bihar jakinaraziko dizuegu ikastetxe bakoitzetik zein hiru saritu izan diren. Lehenengo saria lortzen dutenek Lazkaoko Gerriko liburu dendan erabiltzeko 60 euroko bonua eskuratuko dute, bigarren egiten dutenek 45 eurokoa eta hirugarren sailkatuek 30 euro. 

                                                      Iazko irabazleak
Animatu eta hurbildu sari banaketara irabazleak ezagutzera!

2013/12/12

XXIV. Liburu eta disko azoka izango da asteburuan Beasainen

iritzia: 
Euskal Liburu eta Disko Azokak izango dira asteburuan Goierriko bost herritan, tartean Beasainen. Beasaingoa XXIV.ena izango da eta Goiztiri AEK euskaltegiak eta Beasaingo Udalak elkarlanean antolatzen dugu. Beasaingo plaza azpian izango da azoka abenduaren 13tik 15era . Azokako produktuak  %15eko deskontuarekin erosi ahal izango dituzue, gainera. 


Ordizia, Segura, Beasain, Lazkao eta Segurako Liburu eta Disko Azoketako ordezkarien aurkezpen bateratua egin genuen joan den asteartean Beasaingo Igartza jauregian. Bertan liburu azoketako nondik norakoen eta egitarauen berri eman genuen. Hauxe izango da Beasaingo  liburu azokaren ordutegia eta egitaraua:

Abenduak 13, ostirala. 

10:00-13:00 / 17:00-20:00

12:00. Olentzeroren marrazki lehiaketako sari banaketa.
19:00. Bertso eskolako bertsolarien saioa.

Abenduak 14

11:00-14:00 / 17:00-20:00
 
Arratsaldean zehar, gaztaina jana eta bideo- txokoa , Herrirakoen eskutik.
 
18:30. Ilunabar literarioa. Literatur emanaldia Bergarako Idazle Eskola eta Goierriko Kastakoekin.
 
20:00. Asier Lopezen kontzertua. Diska berriaren aurkezpena. Igartza jauregian.

Abenduak 15

11:00-13:00 / 17:00-19:00
 
12:00 Trikitilariak

Egun osoan zehar: Bertso Txapelketa Nagusia ikusteko aukera plaza azpian egongo diren telebista pantailetan.



Animatu eta hurbildu azokara!



Beste herrietako azokei buruzko informazioa Goierriko Hitzan.

2013/12/09

III. Mintzodromoa egin dugu Beasainen

iritzia: 

Mintzodromoaren hirugarren edizioa, Euskararen Nazioarteko Egunean egin den bigarrena, izan zen joan den asteartean  Beasaingo plaza azpian. Beasaingo Udalak, AEK-k eta Beasaingo Udal euskaltegiak antolatzen du ekimen hau, hainbat helbururekin: egunerokoan euskaraz aritzen direnak euskaraz aritzeko ohiturarik ez dutenekin solasean aritzea, euskarari bere tokia ematea eta euskaraz aritzeko guneak eskura jartzea edo sortzea, edozein gairi buruz eta egunerokotasunean euskaraz aritu gaitezkeela jabetzea...

40 lagun inguru bildu ginen plaza azpian: AEK eta Udal euskaltegiko ikasle eta irakasleak, mintzalagunak, eragileak, bestelako herritarrak...Hiru gairen inguruan aritu ginen hizketan: makinak vs. pertsonak, Gabonak eta oporrak. Gai bakoitzari buruz aritzeko mahaiz aldatu genuen eta solaskide berriekin aritu ginen hizketan. Hitz egiten genuen bitartean, txokolate beroa ere hartu genuen barrenak berotzeko.




Solasean aritu ginen bitartean, Imanol Aizpuruak mintzodromoaren eta egunaren berezitasuna irudikatu zuen bere artelanaren bidez. Ekitaldiaren amaieran artelanaren aurrean talde argazkia atera genuen. 



Ordiziako ikasleek Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldietan parte hartu dute

iritzia: 
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ospakizun izan dira Goierriko herrietan. Ordizian herri lasterketa egin zuten asteartean eta asteazkenean elkarretaratzea plazan. Bertan euskararen inguruko manifestua irakurri zuten eta hiru kanta abestu zituzten: Euskal Herrian euskaraz, Aitorren hizkuntz zaharra eta Xalbadorren heriotzean. AEK-ko ikasleek lasterketan eta elkarretaratzean parte hartu zuten eta klasean ikasitako kantuak abestu zituzten.

2013/12/08

Abenduko lehiaketa

iritzia: 


Hilabete honetako galdera: Zein da Errigoraren udazkeneko kanpainaren leloa?

Saria: Errigoraren saskia, hainbat produktuz osatua: bi olio botila (bat ekologikoa), hiru piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, bi zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa).
2 olio botila (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa). Kalitate oneneko produktuak dira. - See more at: http://www.guaixe.net/Albisteak.asp?IdNoticia=17798&IdHerria=16#sthash.WHvIb6xD.dpuf
2 olio botila (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa). Kalitate oneneko produktuak dira. - See more at: http://www.guaixe.net/Albisteak.asp?IdNoticia=17798&IdHerria=16#sthash.WHvIb6xD.dpuf
2 olio botila (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa). Kalitate oneneko produktuak dira. - See more at: http://www.guaixe.net/Albisteak.asp?IdNoticia=17798&IdHerria=16#sthash.WHvIb6xD.dpuf



Parte hartzeko azken eguna: abenduak 18.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.


Lehiaketaren laguntzailea:
                                 

2013/12/04

Euskarazko hitzik politena

iritzia: 

Euskararen Nazioarteko eguna aitzakiatzat hartuta, EGAko goizeko taldekoek euskarazko hitzik politenak aukeratu dituzte. Hauxek hautatu dituzte, euren kutunen artean:

- Haizea
- Askatasuna
- Bihotza
- Pottoko
- Izar
- Menderaezina

Zer iruditzen zaizkizue hitz hauek? Gustuko al dituzue? Zein da zuen hitz gustukuena?

Eman zuen iritzia!

2013/12/02

Euskararen astea ospatuko dute Ordizian

iritzia: 
Datorren asteartean,abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da eta egun horren harira, hainbat ekintza izango dira abenduaren 10era bitarte, 'Euskara plazara' lemapean. 


Abenduaren 3an bertan 'Euskaraz bizi nahi dut' lasterketa herrikoia izango da Ordiziako Udalak, Kontseiluak eta Emaneurre taldeak antolatuta. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4.mailakoak 18:30ean abiatuko dira eta alde zaharrari itzuli bat emango diote (375 metro). Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.mailakoak, berriz, 18:45ean aterako dira korrika eta bi itzuli emango dituzte (750 metro). Azkenik, 19:00etatik aurrera, DBH1eko ikasleak eta nahi duten herritarrek bost itzuli emango dizkiote alde zaharrari (2.765 metro). Lasterketan parte hartzeko izen-ematea epea irekita dago baina egunean bertan ere eman daiteke izena, 17:00etatik 18:30era arte.


Hurrengo egunean, abenduaren 4an, 'Euskarak 365 egun' ekimen orokorrarekin bat eginez, konzentrazioa egingo da Plaza Nagusian, 19:00etan. Manifestua irakurriko da eta, jarraian, kanta batzuk abestuko dituzte. 

Animatu eta parte hartu ekintzotan!

Euskal Herrian euskaraz

iritzia: 
Ordiziako euskaltegiko goizeko eta iluntzeko ikasleek 'Euskal Herrian euskaraz' abestia kantatu dute, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Azpiko bideoan dituzue ikasleak abesten. A zer ahots dotoreak dituzuen! Bejondeizuela!



Zer iruditu zaizue? Gustatu al zaizue? Eman zuen iritzia!