2013/11/25

Eman izena Beasaingo III.Mintzodromoan parte hartzeko!

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu eta Beasainen III. Mintzodromoa antolatu dugu Goiztiri AEK euskaltegiak, Beasaingo Udalak eta Beasaingo Udal euskaltegiak. Ekimen honetan euskara ikasleak, egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta ez dutenak bilduko dira zenbait gairen inguruan hitz egiteko. Modu honetara, euskaraz hitz egiten dugunon sarea zabalduko dugu eta euskaraz arituko gara zenbait konturi buruz solasean. 


San Martin plazaren azpian elkartuko gara abenduaren 3an, 19:00etatik 20:00etara. Launaka eseriko gara mahaietan eta hiru gairi buruz hitz egingo dugu. Gai bakoitzari buruz hamabost minutuz arituko gara solaskide batzuekin eta hurrengo gaiaz hizketan aritzeko mahaiz eta solaskidez aldatuko dugu.

Mintzodromoan parte hartu nahi baduzue, eman izena osteguna baino lehen Goiztiri AEKren Beasaingo euskaltegian (943 88 93 40), Beasaingo Udaleko Euskara eta Kultura zerbitzuan (943 02 80 63) edota Beasaingo Udal euskaltegian (943 02 81 00). E-posta ere bidal dezakezue beasain@aek.org helbidera. 

Animatu eta eman izena!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina