2013/06/24

Goizeko EGA taldeak eskuratu du maitzeko lehiaketako saria


Ordiziako goizeko EGA taldeak irabazi du maiatzeko lehiaketako saria. Hilabetero hilabetero aritu dira lehiaketan parte hartzen eta oraingoan saria egokitu zaie. Asier Huegun eta Gari Udabek idatzitako 'Kolonbian bahituta - 74 egun ELNren esku' liburua eta Eñaut Elorrietaren 'Deserriko kantak' diskoa eraman dituzte etxera Ana Urkizu eta Jaione Bendoirok, klasekideen artean zozketa egin ondoren.

Gozatu!

2013/06/20

Amaitu dira 2012/2013 ikasturteko klaseak


Irailean helburu, ilusio eta aurpegi ezazun eta ezezagunekin hasi genuen ikasturtea eta, konturatzerako, bukatzeko garaia iritsi da. Hainbat klase, ariketa, kultur ekintza, jolas, irri eta izerdiren ostean ikasgeletako ateak itxi ditugu gaur. 


Ikasle eta irakasleen arteko lagunarte goxoan amaitu dugu ikasturtea, azpiko irudian ikus daitekeen gisan. Ordiziako iluntzeko zenbait ikasle eta irakasle ageri dira Ordiziako pintxopoteoan.Beste askok ere afariak ala bazkariak dituzte zain.


Lasai egon, hala ere,uztailean  berriz zabalduko baititugu geletako ateak udako ikastaroetarako. Eguzkipean ala euripean jarraituko dugu udan ere euskara elkarri ematen, ikasgelen barruan eta kanpoan. 

Udan ere eman euskara elkarri!

2013/06/19

Udako ikastaroetarako matrikula epea zabalik dago

Udan ere euskara ikastaroak izango ditugu Goiztiri AEK euskaltegian. Uztaila eta irailerako aurrez aurreko ikastaro trinkoak ditugu HABEko azterketak prestatzeko. 100 orduko ikastaroak izango dira, egunean 4 ordukoak, astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 13:30era, 30 minutuko atsedenaldia eginda. Uztailaren 1etik 24ra eta irailaren 4tik 23ra izango dira klaseak. Ikastaro hauen prezioa 165€-koa da.

Aurrez aurreko saioetara etorri ezin dutenek, berriz, autoikaskuntzaren aukera daukate. Hamabost egunean behin tutorearekin elkartu, egindako lanaren ebaluazioa egin eta tutoreak etxerako lanak emango dizkio ikasleak berak nahi duenean egin ahal izateko. Horretaz gain, taldekako mintza-saioak ere izaten dira astero.


Udan euskara ikasteko interesa baduzu, eman izena ekainaren 25a baino lehen:

+ Beasaingo euskaltegian. (Urbialde 7, behea). 943 88 93 40.
E-posta: beasain@aek.org
+Ordiziako euskaltegian (Nafarroa Beherea,1). 943 88 91 74.
E-posta: ordizia@aek.org

Animatu eta udan ere eman euskara elkarri!

2013/06/18

Ikasturte amaierako irteera egin dugu Ataunen


Joan den ostiralean ikasturte amaierako irteera egin genuen. Ataunera joan ginen eta San Gregoriotik San Martin auzorako ibilbidea egin genuen. San Gregorion Jose Miguel Barandiaran museoaren ondoan dauden errota eta zerrategia bisitatu genituen. 


Jarraian, Kaxioren ibilbidetik abiatu ginen eta geldialdiak egin genituen bidean. Jexux Aizpurua ataundarra izan genuen gidari eta Joxe Miguel Barandiarani buruzko kontuak kontatu zizkigun bera bizi izandako etxearen kanpoaldean.


 

Ondoren egin genituen geldialdietan, jentilen mitologiaren berri izan genuen bai Aizpuruaren kontakizunen bitartez eta bai Jentil Baratza Kultur Elkartekoek egindako antzezpenen bidez. Bertan ezagutu genituen Mateo Txistu, Martin Txiki, Tartalo eta jentilen kontakizunak; sorginen ibilerak... Paisaia ederrak ikusi eta istorio berezien berri izan genuen. 



Sorginak ikusi ondoren Astigarraga parkean geratu ginen eta bertan Auzmendi ataundarrak herriko baserri baten madarikazioaren berri eman zigun eta baita bertsoa bota ere. 




Azken geldialdiak San Martingo plazan eta elizan egin genituen eta irteera borobiltzeko afaria egin genuen Bittor jatetxean. Giro onean bukatu genuen eguna. Batzuk etxera erretiratu ziren eta beste batzuek Ordizia aldean parrandan jarraitu zuten. 


Berriz errepikatzeko modukoa izan zen, bai jauna! 

Argazki galeria Facebooken eta Flickr-en.
Bideoak Youtubeko gure kanalean

XXII. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sariak banatu ditugu


 

XII. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa egin genuen asteazkenean Ordiziako Barrena jauregian. Mintzalagunen ikasturte amaierako jaialdiarekin batera egin genuen sari banaketa. Hori dela-eta, bakarrizketak izan genituen saioaren hasieran.
Aitor Txarterina 'Baltziskueta' eta Barry Manley 'Barry Barrez' aritu ziren 'Euskalduna naiz eta arraro nago' umorezko bakarrizketa saioa egiten. 'Baltziskueta' Euskal Herrikoa da eta Barry irlandarra.  Tartekatuz aritu ziren biak ala biak ere eta azpiko bideoetan ikus ditzakezue:



Baltziskueta eta Barry Barrezen bakarrizketa saioa amaitzean txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa egin genuen. Lehiaketako irabazlea Aitor Calvillo izan zen eta bost lagunentzako afaria lortu zuen Ataungo Urbitarte sagardotegian. Txistea kontatu zigun Calvillok, azpiko bideoan ikus daitekeen gisan:


Bigarren saria Gabriel Sanchezek eskuratu zuen eta Zeraingo Oiharten bi lagunentzako afaria, gaueko egonaldia eta gosaria lortu zituen. Hona hemen bere txistea:


Hirugarren saria, berriz, Lorea Iparragirrek jaso zuen, tableta, hain zuzen ere. Azpiko bideoan dugu saritutako txistearen kontakizuna:


Amaieran, mokadutxoa egin genuen eta talde argazkia atera genuen oroitzapen gisa. 



Eutsi umore horri eta segi txisteak eta pasadizoak kontatzen eta onenak bildu datorren urteko lehiaketarako!



2013/06/13

'Goxua' nola egiten den irakatsi digu 'Pasteles'ek

 

Goxua postrea egiten ikasi genuen asteartean Iñaki Lopez Castañares 'Pasteles'ekin. Bera eta beste 21 lagun elkartu ginen Bareak elkartean postre ezagun hau egiten ikasteko.

Lehenbizi Goxua egiteko behar diren osagaien berri eman zuen eta bakoitzetik behar den kopurua. Jarraian, krema egin zuen eta, ondoren, bizkotxoa prestatu zuen, bertan geunden guztiok ikusteko. 


Ondoren, esnegaina egin zuen eta prestatutako jaki guztiekin moldeak bete zituen. Azkenik, azukrea bota eta gainaldea erre zuen soldagailu koskorrarekin. 

Goxuak prest zeudenean bakoitzak bana hartu eta dastatu egin genituen. Gozo-gozoak zeuden! Orain etxerako egin behar!



Argazki galeria Facebooken.

2013/06/12

Gauza ugari ikasi ditugu Ordiziako ibilalditxoan


 

Ordiziako argazki zaharrak hartu eta ibilaldia egin genuen atzo goizean Belen Maizarekin batera. Euskaltegitik irten eta Zuhaiztin egin genuen lehenengo geldialdia. Bertan Fray Andresen bizitzari buruzkoak kontatu zizkigun Maizak, guztiok adi-adi entzuten genuela.



Handik plaza nagusira joan ginen eta plaza estaltzearen arrazoiak azaldu zizkigun Maizak, inguruko eraikinen kontuez eta beste hainbat bitxikeriz gain. Hurrengo geldialdiak Garagartza plazan, Iturtxobidean eta Urdaneta kalean  egin genituen, hurrenez hurren.


Ibilaldia Eskarabilla auzoan amaitu genuen eta izenaren jatorriaren berri izan genuen, gainera. Ikasle batzuk bertakoak zirenez, ezagunak zituzten hango zenbait kontu.


Gauza gehiago jakiteko gogoz bukatu genuen ibilaldia. Hurrengoan gehiago!

2013/06/11

Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketaren sari banaketa izango dugu bihar

Mintzalagunen ikasturte amaierako festarekin bat egin eta XXII. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketaren sari banaketa egingo dugu bihar. Lehenik eta behin, Barry Barrez-en bakarrizketa izango da. Barry irlandarra da eta euskarazko bakarrizketak egiten ditu bere umore finaz. Azpian duzue bere jardunaren erakusgarri den bideoa:



Bakarrizketaren ondoren, sari banaketa egingo dugu. Lehiaketako hiru sarituek euren saria jaso eta irabazle egin dituen txistea kontatuko dute. Amaitzeko, oturuntza izango da.

Animatu eta etorri,umorerik ez zaigu faltako eta!

2013/06/10

Ordizia hobeto ezagutzeko ibilalditxoa egingo dugu bihar



Ordiziako toki nagusiak hobeto ezagutzeko parada izango dugu bihar goizean. Izan ere, ibilalditxoa egingo dugu Belen Maiza zinegotziarekin batera eta Ordiziako argazki zaharrak ikusiz, herriak izandako bilakaera ere ezagutuko dugu, Maizaren azalpenekin batera.


Euskaltegitik atera eta Fray Andres estatuaren parean egingo dugu lehen geldialdia. Jarraian, pilotaleku inguruan ibiliko gara eta plaza nagusira joko dugu. Hortik, Garagartza plazara abiatuko gara, ondoren Eskarabilla auzora eta, azkenik, geltoki inguruan amaituko dugu ibilaldia.

A zer goiz pasa interesgarria izango dugun!

2013/06/07

Beasaingo goizeko taldeak irabazi du II. Pintxo Lehiaketa

 

Eguzkiaren laguntzaz burutu genuen II. Pintxo Lehiaketa joan den asteazkenean, ekainak 5, Ordiziako plaza nagusian. Euskaltegiko bost talde elkartu ziren bertan, nor baino nor, eta arratsaldeko seiak aldera hasi ziren lanean. Talde bakoitzak bi pintxo mota ezberdin egin zituen eta bakoitzetik launa aurkeztu.

Pintxo orijinalak prestatu zituzten, bai eduki aldetik eta baita izenez ere. Hauexek izan ziren pintxoen izenak: Udaberria, Brotxeta freskoa, Tots som un pais, Udaberriko oparia, Badator San Fermin, Miloja begetala, Euskalduntxoak, Axio, Itsaskidun larrosa eta Lapiko Gozoa.


Epaimahaikoa osatu zuten hiru kideek euren epaia jakinarazi zuten pintxo guztiak dastatu ondoren. Hirugarren geratu ziren 'Miloka begetala' prestatu zutenak, bigarren 'Badator San Fermin' pintxoaren egileak eta irabazle izan ziren 'Itsaskidun larrosa' prestatu zuten Beasaingo goizeko taldeko ikasleak. 




Irabazleek euskaltegiko zenbait ikaslek eginiko oroigarria jaso zuten: domina dotorea


Jan-edanean eta berriketan amaitu genuen arratsaldea, plazara inguratu ziren herritar eta umeekin batera. Ederki pasa genuen, bai horixe! Datorren urtean gehiago!


2013/06/06

Ekaineko lehiaketa

 

Hilabete honetako galdera: Zein izenburu dute Garazi Goiaren lehen nobelak eta Gozategiren lehen diskoak?


Saria: Garazi Goia segurarraren 'Txartel bat (des)herrira' liburua eta Gozategi taldearen 'All stars' diskoa.


Parte hartzeko azken eguna: ekainak 28.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2013/06/05

Skypen euskarazko bertsioa eskuragarri dago

Skype, Internetez deitzeko eta idatziz solasean aritzeko programa, deskargatu egin daiteke euskarazko bertsioan zerbitzari honetan:


Orain dela urte batzuk, Skype euskaratu zuen Aitzol Arruabarrenak Emunen laguntzarekin baina  gaur egun ez dago eskuragarri. 

Skypeko azken bertsioetarako euskaratze lana egin du Emun, Fagor eta Koniker arteko talde batek. Euskarazko paketea http://www.euskara.euskadi.net webgunean eskuragarri izateko tramitetan dabiltza.