2013/03/18

Korrika pasa da Goierritik!

iritzia: 
Korrika 18 igaro da Goierritik eta irudi ederrak utzi dizkigu, azpiko bideoetan ikus daitekeen bezala. Legorretatik sartu eta Itsasondo, Ordizia, Zaldibia, Lazkao, Olaberria, Idiazabal, Beasain, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain, Segura eta Zegama zeharkatu zituen martxoaren 14tik 15erako gauean.



Korrika 18 Goierrin barrena from GITB on Vimeo.



Bideoetan ikus daitekeen bezala hainbat goierritarrek egin duzue bat Korrikarekin, ilunpeari, hotzari eta oztopo guztiei aurre eginda. Bejondeizuela! Zorionak!  Aurrerantzean ere jarraitu elkarri euskara ematen!

2013/03/15

Aiko dantza taldearen erromeriaren bideoa

iritzia: 
Korrikako eskualdeko afariaren ondoren Aiko taldearen erromeria izan zen Beasaingo plaza azpian eta Iñaki Andresek bideo hau prestatu du bertan ateratako argazkiekin.



2013/03/12

Eskualdeko Korrika afaria jendetsua eta giro apartekoa izan da

iritzia: 
Goierriko Korrika afaria izan genuen larunbatean Beasaingo plaza azpian eta 150 lagun elkartu ginen bertan. Adin guztietako jendea bildu zen eskualdeko afarian eta gustura aritu ginen jan- edanean, berriketan eta dantzan.


Afariko menua lehiaketa gastronomikoan parte hartu zutenei esker izan genuen. 12 elkartek hartu zuten parte: Beasaingo Arrano eta Arriarango Intxaurpe;  Segurako Zopa jale, Txoritegi eta Elorri; Ordiziako Irriki, Argi Berri eta Larrun Arri; Legorretako Aldapa Haundi; Itsasondoko Arbelaitz; Lazkaoko Gerriko eta Lazkaomendiko Lartxai.



Elkarteek patatak errioxar erara eta haragi gisatua prestatu behar izan zuten lehiaketarako. Epaimahaikideek elkarte guztien jakiak dastatu zituzten eta puntuazioa ere eman zieten, ondoren plater bakoitzaren irabazlea izendatu ahal izateko. Epaimahaia Oianguko Kontxi eta Beni  Mujikak, Beasaingo Kattalin erretegiko Juan Manuel Garmendiak eta Goiztiri AEKren ikasle den Patxi Urangak osatu zuten.

Afariaren ondoren, berriz, lehiaketako irabazleei saria banatu zitzaien, lekukoa. Lehenengo plateraren irabazleak Ordiziako Argi Berri elkartekoak izan ziren eta bigarrenarenak Legorretako Aldapa Haundi elkartekoak.








Jarraian, Aiko taldea aritu zen giroa musikaz eta dantzaz betetzen. Ederki amaitu genuen gaua; batzuek plaza azpian eta beste batzuek tabernaz taberna parrandan!


 
Eskerrik asko plaza azpira inguratu zineten guztioi eta baita lanean lagundu ziguzuen guztioi ere! 

Gogoratu ostegun gauean pasako dela Korrika Goierritik. Eman euskara elkarri!

2013/03/07

Martxoko lehiaketa

iritzia: 


Hilabete honetako galdera: Nork antolatu du Bertso Korrika?

Saria: Korrika 18ren kamiseta, kanta eta dokumentala.

Parte hartzeko azken eguna: martxoak 22.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2013/03/05

Bertso Korrikaren barruko saioa izan dugu Amaia Agirrerekin

iritzia: 
 

Bertsozale Elkarteak, AEK-k eta Bertso Eskolek Bertso Korrika ekimena antolatu dute bertsolaritza euskara ikasleei hurreratu nahian. Korrikarekin batera joango den bertso zirkuitua izango dugu hau eta Euskal Herriko 25 tokitan egingo dira bertso saioak. Euskara ikasleen neurrira egindako saioak izango dira, eurak erakarri nahi baitira mundu honetara. Haietako askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da. Horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira, euskara ikasleek uler dezaten. Alabaina, bertsozaleentzat ere saio hauetako ateak zabalik daude, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita.


Bertso saioaren aurretik lanketa egin dugu Beasainen Amaia Agirre bertsolariarekin. Bertan, Agirrek bertsoa zer den, nola egiten den...azaldu die ikasleei. Horretaz gain, saioaren nondik norakoak ere azaldu dizkigu: non izango den, zein bertsolarik kantatuko duten, zein izango den gai-jartzailea...Ikasleak gustura aritu dira eta bertso mundua ezagutzeko balio izan die eta baita hitzen errima lantzeko ere.

Bertso Korrika ekimenaren baitan Goierrin egingo den saioa bertso afaria izango da eta martxoaren 21ean egingo da, 20:00etan, Lazkaoko Maizpide euskaltegiko jangelan. Bertso afarian parte hartzeko 7 euro ordaindu beharko dira. Endika Igartzabal, Oihana Iguaran, Gorka Maiz eta Beñat Iguaran arituko dira bertsotan eta Amaia Agirrek aurkeztuko ditu gaiak. AEK, Bertsozale Elkartea eta Goierriko Bertso Eskola dira saio honen antolatzaileak. 


Animatu eta hurbildu Maizpidera, giroaz eta bertsoez gozatzera!

2013/03/01

Korrika Kulturaleko egitarau betea dugu datozen egunetan

iritzia: 

Korrika 18 martxoaren 14tik 15erako gauean pasako da eta data gero eta gertuago dugunez, Korrika Kulturalaren agenda ere betea datorkigu datozen egunetan:

- Arama: Bihar, Korrika 18ren dokumentala 18:30ean, talo jana eta arropa salmenta.
- Ataun: Bihar, ibilaldia 11:30ean, Aiatik abiatuta. 12:30ean, dokumentala San Martingo Kalostrapen eta euskara ikasleen solasaldia.
- Beasain: Bihar, Goierriko Kastaren literatur emanaldia, argazkilaritza eta musikarekin uztartuz. 20:00etan, Igartza jauregian.
- Idiazabal: Gaur, 19:00etan, dokumentalaren emanaldia udaletxean.
- Legorreta: Bihar, Gipuzkoako II. Mus Txapelketaren Goierriko kanporaketa. 16:00etan, Aldapaundin.
- Ordizia eta Beasain: Martxoaren 5ean, asteartea, ate irekiak Goiztiri AEKren Beasaingo (Urbialde 7, behea) eta Ordiziako (Nafarroa Beherea,1) euskaltegietan eta Korrika 18ren dokumental emanaldia eta solasaldia.
- Zerain: Martxoaren 4tik 10era arropa salmenta, Mandio dendan.


Animatu eta parte hartu!

Ate irekiak eta solasaldia egingo dugu asteartean

iritzia: 
Korrika kulturalaren barruan ate irekien eguna izango dugu Beasaingo (Urbialde behea,7) eta Ordiziako (Nafarroa Beherea,1) euskaltegietan; goizean 09:30etik 12:30era eta arratsaldean 18:00etatik 20:00etara. Euskaltegia ikusteaz gain, Korrika 18ren 'Eman euskara elkarri' dokumentala ikusteko aukera ere izango da eta euskaltegiko ikasleek dokumentalaren inguruan egingo duten solasaldian parte hartu ahal izango du nahi duenak.


Animatu eta hurbildu Beasaingo edota Ordiziako euskaltegietara!