2012/12/21

Gabonetako postal lehiaketako irabazleek euren sariak jaso dituzte

iritzia: 
2012ko Gabonetako postal lehiaketako sariak banatu genituen atzo Ordiziako Barrena jauregian, irabazleen eta ingurukoen aurrean. 102 postal jaso ditugu aurtengo lehiaketarako Jakintza ikastolako 5, 6 eta DBH1eko ikasleek eta Urdanetako 5 eta 6.mailako ikasleek egindakoak. Ikastetxe bakoitzetik hiru saritu izendatu zituzten Goiztiri AEK euskaltegiko Ordiziako ikasleek. Hauexek izan dira garaileak:


1. saria: Jakintzako Leire Urdangarin eta Urdanetako Arkaitz Peñalver.
2.saria: Jakintzako Enara Barandiaran eta Urdanetako Eider Huerta.
3.saria: Jakintzako Irati Ona eta Urdanetako Ane Ormazabal.

Lehenengo sarituek Lazkaoko Gerriko liburu-dendan erabiltzeko 60 euroko txartela jaso zuten, bigarren sarituek 45 eurokoa eta hirugarren sarituek 30 eurokoa. Gozatu saria!

Irabazleen postalak eta gainerako parte hartzaileenak Barrena jauregian izango dira ikusgai, urtarrilaren 7ra arte.

2012/12/20

Urtarriletik aurrera izango dira martxan Korrika Batzordeak

iritzia: 
Kultur
Abenduan Korrika 18ren aurkezpenak egin dira Goierriko hamabi herritan: Ordizian, Beasainen, Zaldibian, Seguran, Olaberrian, Lazkaon, Zegaman, Idiazabalen, Ataunen, Itsasondon, Legorretan eta Ormaiztegin. Guztira 120 lagunetik gora izan dira aurkezpenetan. Hamabi Korrika batzorde eratu dira eta urtarrileko bileren datak finkatu. Honako hauek dira datorren urtean egingo diren lehen Korrika Batzordeen hitzorduak:

- Olaberria. Urtarrilaren 8an, 16:30ean. Udaletxean.
- Ordizia. Urtarrilaren 8an, 18:00etan. Barrenako 7.gelan.
- Zaldibia. Urtarrilaren 8an, 19:00etan. Kultur etxean.
- Beasain. Urtarrilaren 9an, 17:30ean. Udaletxeko Batzar aretoan.
- Segura. Urtarrilaren 9an, 19:00etan. Kultur etxean.
- Idiazabal. Urtarrilaren 10ean, 18:00etan. Pilar enean.
- Zegama. Urtarrilaren 10ean, 19:30ean. Kultur etxean.
- Ormaiztegi. Urtarrilaren 14an, 18:30ean. Kazetagunean.
- Itsasondo. Urtarrilaren 15ean, 18:30ean. Udaletxean.
- Lazkao. Urtarrilaren 16an, 18:00etan. Udaletxean.
- Legorreta. Urtarrilaren 16an, 19:00etan. Udaletxean.
- Ataun. Urtarrilaren 17an, 19:00etan.  San Martingo atseden lekuan.

Zaldibiako ikaslea den Garbiñe Ibañezek eskuratu du azaroko lehiaketako saria

iritzia: 


Azaroko lehiaketako saria Zaldibiako taldeko ikaslea den Garbiñe Ibañezek lortu du. Joan den asteburuan Goierrin egindako Liburu eta Disko Azoketako batean gastatzeko 50 euroko bonua eskuratu zuen Ibañezek ,eta Beasainen egin zituen erosketak larunbatean. Gozatu erositakoez!

Gogoan izan bihar amaitzen dela abenduko lehiaketan parte hartzeko epea. Abenduaren 29an Ordiziako Majori kiroldegian egingo den bertso jaialdi berezirako lau sarrera zozketatuko ditugu. Animatu eta parte hartu!

2012/12/18

Postal lehiaketako sari banaketa egingo dugu etzi

iritzia: 
,
Urteroko ohiturari jarraituz, postal lehiaketa antolatu dugu eta etzi egingo dugu sari banaketa Barrena jauregian, 19:00etan. Urdaneta eta Jakintzako 5, 6 eta DBH1eko ikasleek postalak egin dituzte eta ostegunean sei irabazleen izenak jakinaraziko ditugu eta bakoitzak bere saria jasoko du. Horretaz gain, parte hartu dutenen lanak izango dira bertan ikusgai eta erakusketa urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik. Animatu eta inguratu postalak ikustera!

Iazko irabazleak

2012/12/13

Liburu eta disko azokak izango dira asteburuan Goierrin

iritzia: 
Durangokoaren ondoren, Liburu eta Disko Azokak izango dira bihartik larunbatera Lazkaon, Ataunen, Seguran, Ordizian eta Beasainen. Horien berri eman zuten atzo Lazkaoko Gerriko Txokoan egindako aurkezpenean. Bertan bildu ziren Joxepa Madariaga Lazkaoko Gerriko Kultur Elkarteko ordezkaria; Garazi Etxeberria eta Maider Arruabarrena Ataungo irakurle taldeko kideak; Segurako azoka batzordeko Aitziber Lertxundi; Ordiziako Hitzaro Euskara Elkarteko Aitor Calvillo eta Beasaindik Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiko Maitane Legarreta eta Beasaingo Udaleko Ane Barandiaran.


Liburu festa, azokan! lemapean egingo dituzte bost azokak. Aurten, gainera, Beasain ere herrien arteko elkarlanean sartu da. Bateratuta lanean arituagatik herri bakoitzak bere azoka izango du, produktu eta egitarau propioarekin. Hortaz, ez da liburu, DVD, jostailu eta CD faltarik izango. Gainera, ehuneko hamabosteko deskontua izango da produktuetan. Horretaz gain, egitarauen barruan liburu aurkezpenak, musika, bertsoak, ipuin kontaketak eta bestelakoak ere izango dira.



Inguratu Liburu eta Disko Azoketako batera eta gozatu!

Lazkaoko Azokako informazioa
Ataungo azokako informazioa
Segurako Azokako informazioa
Ordiziako Azokako informazioa
Beasaingo Azokako informazioa

Albistea Diario Vascon

2012/12/11

Hilabete honetako galdera

iritzia: 



Hilabete honetako galdera: Non hasi eta amaituko da Korrika 18?

Saria: Abenduaren 29an, 18:00etan, Ordiziako Majori kiroldegian izango den bertso jaialdirako lau sarrera. Jaialdi berezia izango da, Imanol Lazkanori aitortza egingo baitzaio 'Zubigintzan artista' izeneko ekitaldian. Atal askoz osatutako jaialdia izango da: Erniarraitz eta Goibe bertso eskolen arteko desafioa; Lazkanoren bertso sortak Ramon Elosegik kantatuak; bat-bateko saioa Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen eskutik eta, azkenik, aitortza berezia egingo diote Imanol Lazkanori, urte askoz bertsokide izan dituen Jon Lopategi, Joxe Agirre, Patxi Etxeberria eta Txomin Garmendiaren babesean.

Parte hartzeko azken eguna: abenduak 21.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2012/12/10

Korrika 18ren aurkezpen gehiago izango dira datozen egunetan

iritzia: 
Jada Goierriko zenbait herritan egin da Korrika 18ren aurkezpena baina oraindik ere beste hainbat herri daude zain. Honako hauek izango dira hurrengoak: 

Olaberria. Bihar, 18:00etan, Udal pleno aretoan.
Lazkao. Abenduaren 13an, osteguna, 18:00etan. Udaleko erakusketa gelan.
Zegama. Abenduaren 13an, 19:30ean. Kultur etxean.
Idiazabal. Abenduaren 17an, astelehena, 18:00etan. Pilar eneako ganbaran.
Ataun. Abenduaren 17an, astelehenam 19:00etan. San Gregorioko jolas lekuan.
Itsasondo. Abenduaren 18an, asteartea, 18:30ean. Gazte lekuan.
Legorreta. Abenduaren 19an, asteazkena, 18:00etan. Udaletxeko aretoan.

Animatu eta hartu parte!

2012/12/04

Beasaingo iluntzeko ikasleak baserritarren jantzien erakusketan izan dira

iritzia: 
Ostadar dantza taldeak euskal baserritarren jantzien hitzaldi-erakusketa antolatu zuen joan den astean. Beasaingo iluntzeko taldekoak izan ziren bertan azaroaren 27an eta baserritarren jantzien inguruko informazioa jaso zuten: euskal historian zehar zertarako erabili izan diren, euskal folklorearen eta dantzen inguruan zer suposarazi izan duten…Horretaz gain, jantzien inguruko kontuak ere azaldu zituzten: nesken zapiak nola jarri, mutilen kasuan gerriko ondo nola lotu, txiki gelditutako arropa tamainara nola egokitu...


2012/12/03

Korrika 18ren aurkezpenak egingo dira herrietan

iritzia: 
Aste honetan hasiko dira Korrika 18ren herrietako aurkezpenak. Axular Barandiaran, Goierriko koordinatzaileak, edizio honen inguruko informazioa emango du eta aurkezpen horren ondoren eratuko dira herrietako Korrika Batzordeak.

Hauexek dira oraingoz lotutako aurkezpenak:

Ordizia. Bihar, abenduak 4, 18:00etan. Barrenako 7.gelan.
Zaldibia. Bihar, abenduak 4, 19:00etan. Kultur etxean.
Beasain. Etzi, abenduak 5, 18:00etan. Udal pleno aretoan.
Segura. Etzi, abenduak 5, 19:00etan. Kultur etxeko areto nagusian.
Olaberria. Datorren asteartean, abenduak 11, 18:00etan. Udal pleno aretoan.

Beste herrietako datak zehaztuko ditugu laster. 

Animatu eta parte hartu!