2012/06/22

Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sariak banatu ditugu

iritzia: 

XXI. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa egin genuen atzo, Ordiziako Barrena jauregian.  Lehenik eta behin, mintzalagunen ikasturte amaierako festa izan zen bertan, eta Xebe Diez aktoreak antzerki umoretsua eskaini zuen.


Jarraian, txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa egin genuen. Legorretako ikaslea den Maruja Redondok tableta eskuratu zuen azpiko bideoan kontatzen duen 'Kulero beltzak' txisteari esker.


Aitor Calvillo Goiztiri AEK-ko kidea izan zen beste sarituetako bat. 'Corte inglesean' izeneko txisteagatik egonaldia lortu zuen Zeraingo Oiharten.



Hirugarren irabazleak Beasaingo iluntzeko taldeko ikasleak izan ziren. Hauek Urbitarte sagardotegian bost lagunentzako afaria dute zain. Azpiko bideoan ageri da taldeko ikaslea den Carlos Redondo txistea kontatzen.








Zorionak irabazleei eta mila esker parte hartu duzuen guztiei! Hurrengo urtean ere zuen txiste eta pasadizoen zain izango gara!

2012/06/21

Inaugurazioko irudiak

iritzia: 
Hementxe dituzue joan den astean Ordiziako euskaltegi berriaren inaugurazioan grabatutako irudiak. Irudi hauetan Karmele Santoyo Goiztiri AEK-ko zuzendaritzako kidea eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia ageri dira hizketan. Igor Eguren Ordiziako alkatea ere irudietan ikusiko duzue bertsotan.






Errimekin eta hitzekin jolasean jardun dute Beasainen

iritzia: 
Jendea gustura atera zen asteartean Beasaingo Igartza jauregian egindako hitz-tailerretik. 21 lagun bildu ziren tailerrean eta gustura aritu ziren hizkuntzarekin jolasean. Amaia Agirrek 'saio polita' prestatu zuen bertan bildu zirenen iritziz. 



Eztarriak berotu zituzten kantuan eta errimekin jolasean aritu ziren taldeka, nor baino nor. Bertsoaren metrika ere azaldu zien, noski, eta ondoren 'Afrikako haurrak' gaitzat hartuta, bertsoak osatu zituzten errimak emanda. 

Horretaz gain, Agirrek argi utzi zuen bertsolaritza ez dela 'tranpa' , bertsoak taula gainean sortzen direla, ez direla etxetik prestatu ekartzen. 


Konturatzerako pasa omen zitzaien denbora; hasterako bukatu zela sentitu zuten, bi orduko saioa izanda ere. Beste saio bat egiteko gogoz geratu omen ziren eta ziur asko izango da beste tailerren bat datorren ikasturtean ere.


2012/06/20

Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa izango da bihar

iritzia: 

XXI. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa izan da aurtengoa eta bihar jakinaraziko dugu zein izan diren hiru irabazleak, eta bakoitzari egokitu zaion saria emango diogu. 

Ekitaldi honetarako Ordiziako Hitzaro Euskara Elkarteak antolatutako ekintzarekin bat egin dugu. Hori dela-eta, lehendabizi, ohitura duten moduan, bertako mintzalagunek ikasturte amaierako festa egingo dute Barrenan, 18:00etan. Antzerkitxoa eskainiko dute eurek. Jarraian, 19:00ak aldera, lehiaketako sari banaketa izango dugu. Amaitzeko, oturuntza izango da.

Herritar denak gonbidatuta zaudete biharko ekitaldira. Etorri eta ezagutu irabazleen txiste eta pasadizoak!

2012/06/18

Giro ederra sortu da urteurreneko afarian

iritzia: 
 

Ostegunean lokal berria inauguratu, eta ostiralean 25.urteurrena ospatzeko afaria izan genuen Ordiziako Tximista sagardotegian. Arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera elkartu ginen Behe Nafarroa kaleko euskaltegi berrian, eta bezperan lokala ikustera gerturatu ez zirenek gure txoko berria ezagutzeko aprobetxatu zuten. 


Ondoren, Ander Matxain eta Mikel Urdangarin trikitilarien laguntzaz euskaltegitik tabernetara joan ginen, poteoan aritzeko. Handik Tximista sagardotegira joan ginen afaltzera. Afaltzeko entsalada eta oilaskoa izan genuen, eta postrean hainbat pastel dastatzeko aukera izan zen.


Giro ederra sortu zen afarian. Trikitilariek giroa alaitzea lortu zuten, eta batzuk jo eta su dantzan aritu ziren kupel ondoan eta mahaien inguruan. 25.urteurreneko ospakizunak afari honekin amaitu genituen, batzuk gaua luzatzea erabaki zuten arren.





2012/06/15

Inauguratu dugu Ordiziako lokal berria

iritzia: 


Hilabetetako prestaketen ondoren, atzo aurkeztu genien herritarrei 2012-2013 ikasturtetik aurrera erabiliko dugun euskaltegi berria. Arratsaldeko zazpiak aldera ireki genituen euskaltegiko ateak eta bertako azpiegiturak erakutsi genizkien bertara inguratutako guztiei. Ehun lagun inguru elkartu ginen inaugurazio-ekitaldian. Euskaltegiko arduradunen azalpenak jasotzeaz gain, euskaltegiko jardunari buruzko argazki-sorta ikusi ahal izan zuten. 


Ekitaldiko unerik hunkigarriena euskaltegiaren kanpoaldean bizitakoa izan zen. Alde batetik, euskaltegiko zuzendari den Karmele Santoyok eskerrak eman zizkien bertaratutakoei zein urte hauetan guztietan bidelagun izandakoei. Ondoren, Mertxe Mugikak argi utzi zuen zein den AEKren helburua: “Krisiak krisi, AEK-k bere misioan esaten duena berretsi nahi dugu hemen eta orain, hau da, lanean jarraituko dugula Euskal Herri euskalduna lortu arte. Nahiz eta non-nahi entzuten diren hotsek   gauza onik iragarri ez, guk gure lanean eta eginkizunean sinesten dugu”. Goiztiri AEK-k “giza nahiz baliabide materialak jarri dituela” nabarmendu zuen eta orain elkarlanaren txanda dela. Mugika ikasleei zuzendu zitzaien bereziki, haien ikasteko nahia eta grina nabarmenduz. Ekitaldia amaitzeko oturuntza izan zen.


Bertaratutakoen artean zeuden, hala nola, AEKko ikasleak eta irakasleak (baita ikasle eta irakasle ohiak ere), AEKko hainbat arduradun, horien artean, Mertxe Mugika kordinatzaile nagusia, Oskar Elizburu eta Helios del Santo Artezkaritza Kontseiluko kideak eta Borja Arbelaitz Gipuzkoako koordinatzailea; Ordiziako Udaleko ordezkariak, Igor Eguren alkatea eta hainbat zinegotzi eta teknikar; Hitzaro euskara elkarteko lagunak eta euskalgintzako eta politikagintzako hainbat kide: Andoni Sarriegi, Dionisio Amundarain, IƱaki Murua, Karmele Aierbe, Andoni Zubeldia eta  Paul Bilbao, besteak beste. Maizpideko eta Beasaingo Udal euskaltegiko kideak eta hainbat herritar ere inguratu ziren. 


 

Lokal berria, ikasturte berrirako

Behe Nafarroa eta Zuberoa kaleen artean dago kokatua euskaltegi berria eta sarbidea Behe-Nafarroa kaletik du. Garai batean “Txakurtxulo” izenez ezagutzen zen lekuan, gaztetxearen atzean, dago kokatuta. 


154 metro koadroko azalera du, ezaugarri hauekin: hiru ikasle gela, tutoretza gela edota jarduera anitzetarako gela, irakasle gela, harrera lekua eta bi  komun.
Behin atzo lokala inauguratuta irailean 2012-2013 ikasturteari bertan emango diogu hasiera.

Ordiziako Udalarekin hitzarmena
Era berean, inaugurazio ekitaldia baliatu genuen Ordiziako Udalarekin hitzarmena jendaurrean sinatzeko. Igor Eguren Ordiziako alkateak eta Mertxe Mugika AEKko koordinatzaileak izenpetu zuten.  Hitzarmenaren bidez euskaltegi berriko jarduera anitzeko gelaren erabilera herritarrei irekia izatea adostu zen, beti ere euskaraz egindako ekimenak badira. 








2012/06/14

Hitz-tailerra izango dugu datorren asteartean Beasainen

iritzia: 
Hitzekin ibiltzen gara egunero jo eta su, baina gutxitan jolasten dugu eurekin. Hori dela-eta, hitz-tailerra antolatu dugu hizkien bidez ondo pasatu eta ikasteko asmoz. Amaia Agirre bertsolariak hitzekin errimak egiten irakatsiko digu eta modu jolasti eta dibertigarrian egingo dugu lanketa hori.


Hitz-tailerra datorren asteartean, ekainak 19, izango da Beasaingo Igartza jauregian. Saioa pare bat ordukoa izango da, 18:00etatik 20:00etara. 

Kultur ekintza guztiak bezalaxe, ateak irekita daude ekitaldi honetan parte hartu nahi duen ororentzat. Euskara ikasten ari direnak, euskaldun zaharrak, gazteak, haurrak zein helduak -guzti-guztiak- gonbidatuta zaudete.


Hurbildu Igartzara eta gozatu geurekin batera!

2012/06/13

Bitxi ederrak sortu dituzte bitxigintza ikastaroan

iritzia: 

Bitxigintza ikastaroa izan zen maiatzaren 31n eta ekainaren 7an Beasainen, Asmuberen egoitzan. 19 lagunek parte hartu zuten Goiztiri AEK-k antolatutako ikastaroan. Leire Barandiaran beasaindarra izan zuten irakasle eta kafe kapsulekin belarritakoak, lepokoak, eraztunak eta paparrekoak egiten irakatsi zien parte-hartzaileei.


Lehenengo saioan Barandiaranek kapsulak lantzeko prozedura azaldu zien. Azalpenak entzun bezain laster, parte-hartzaileak fin-fin hasi ziren lanean, eta hainbat motatako eraztunak,lepokoak eta belarritakoak egin zituzten. 

 


Bigarren saioan, berriz, era askotako paparrekoak egin zituzten. Horretaz gain, irakasleak bitxikeria moduan kapsulekin egindako giltzatakoa erakutsi zien. Lehenengo saiora joan ezin izan zutenek belarritakoak egiteko ere probestu zuten bigarren egun hau. 



Eredua ikasi ondoren, ikasleek euren irudimena erabili zuten eurek nahi zituzten bezalako bitxiak sortzeko. Ikastaroa bi ostegunetan izan zenez, hainbat lagunek egindako bitxiak jantzi zituzten, eta dotore-dotore joan ziren pintxo-poteora.


2012/06/05

Lokal berriaren inaugurazioa eta afaria izango ditugu datorren astean

iritzia: 
Euskaltegiaren 25.urteurrena ospatzen ari gara ikasturte honetan eta amaierarako gorde ditugu bi ekintza garrantzitsu: Ordiziako lokal berriaren inaugurazioa eta urteurrena ospatzeko afaria. 

Lokalaren inaugurazioa ekainaren 14an izango da, 19:00etan. Euskaltegi berria Behe Nafarroa kalea 1ean dago (Txakurtxulon). Ateak irekiko ditugu eta lokala ezagutzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek. Jarraian, AEK-ko ordezkariek agurra eta aurkezpena egingo dute, eta gure jardunari buruzko ikus-entzunezkoa proiektatuko dugu.  Amaitzeko, otamena izango da.


Hurrengo egunean, ekainak 15, ekitaldiekin jarraituko dugu eta, urteurreneko ospakizunak behar bezala borobiltzeko, afaria egingo dugu Ordiziako Tximista sagardotegian. Egun horretan 19:30ean elkartuko gara bezperan inauguratutako euskaltegian. Ondoren, herrian ibiliko gara trikiti doinuen laguntzaz, eta 21:00ak aldera sagardotegira joango gara afaltzera.

Afarira joan nahi duenak txartela aldez aurretik erosi beharko du. 25 urte hauetan AEKn ibilitako ikasle, irakasle eta korrika laguntzaile guztiak daude gonbidatuta. Baita, aldez edo moldez, lagundu gaituzuen eta babesa eman diguzuen guztiak ere. Afarirako txartelek 15 euro balio dute eta ondorengo lekuetan egongo dira salgai ekainaren 13ra arte: Beasaingo AEK Euskaltegian eta Arrano eta Basakana tabernetan; Seguran Elorripen; Legorretan Olason, Idiazabalen Xumen eta Ordizian AEK Euskaltegian eta Herriko Tabernan.

Etorri gurekin urteurrena ospatzera!