2012/03/28

Greba deialdiarekin bat egingo dugu bihar

iritzia: 
Biharko greba deialdia dela-eta, GOIZTIRI AEK EUSKALTEGIKO IRAKASLEOK lanuztea egingo dugu egun osoz. Euskaltegia itxita izango dela jakinarazi nahi dizuegu, eta bloga ere ez dugu eguneratuko.

AEKren iritzia HABEk euskara mailak egiaztatzeko deialdien inguruan hartutako erabakiei buruz

iritzia: 
Jarraian duzue AEK-k, beste zenbaitzuen babesaz, komukinabideetara helarazi duen iritzi artikulua. Aurten HABEk euskara mailak egiaztatzeko deialdien inguruan hartutako erabakiei buruzkoa da idatzia.

Napoka Iriaren kontzertua

iritzia: 
Hementxe dituzue Napoka Iriaren kontzertuko zati batzuk. Ikusi, entzun, eta gozatu! Bideo gehiago hemen.

2012/03/26

Giro goxoa izan da Napoka Iriaren kontzertuan

iritzia: 
Napoka Iriaren kontzertua izan genuen joan den ostiralean Beasaingo Igartza jauregian eta giro goxoa sortu zen bertan. Berrogei bat lagun elkartu ziren jauregian Miren Narbaizak eta Ander Mujikak osatutako bikotearen musika entzuteko. 'Lehertarazi edifizioak' diskoko zenbait kantu jo zituzten, eta baita ingelesezko pare bat abestiren bertsioak ere, tartean Cat Powerren 'Nude as the news'. Su ta Garren 'Zure atzetik' abestiaren moldaketa izan zen kontzertuko azken kantua, ukelelea eta kalinbarekin jo zutena, eta entzuleek ere abestu zuen eurekin batera. Jendea gustura atera zen kontzertutik, eta zenbaitzuk taldearen 'Lehertarazi edifizioak' diskoa erosteko probestu zuten kontzertuaren amaieran. Askorentzat Napoka Iriaren musika ezagutzeko aukera paregabea izan zen joan den ostiralekoa, eta harrituta geratu ziren bai musikarekin, eta baita Miren Narbaizaren ahotsarekin ere. Eskerrik asko kontzertura joan zineten guztioi , eta gure eskerrik beroenak Napoka Iriakoei. Ea hurrengo batean ere elkartzen garen!

2012/03/23

Bideokopla egin dute euskaltegiko ikasleek

iritzia: 
Hementxe duzue Goiztiri AEK-ko zenbait ikaslek Bertsozale Elkarteak eta AEK-k antolatutako bideokopla lehiaketarako egindako bideoa. Ikusi eta gozatu!

2012/03/22

Koplak egiten ikasi dute euskaltegiko ikasleek

iritzia: 
Aste honetan euskaltegiko zenbait ikaslek koplak nola egin ikasi dute Mikel Artola bertsolariarekin. Ikasteaz gain, koplak idatzi ere egin dituzte, eta laster bideoa grabatuko dute Bertsozale Elkarteak eta AEK-k antolatutako bidekopla lehiaketara bidaltzeko. Zorionak, beraz, euskaltegiko koplari berriei! Irrikaz gaude zuen bidekopla ikusteko!
Mikel Artolak emandako azalpenak entzuten eta oharrak hartzen.

Ipuin kontaketan izan dira ikasleak

iritzia: 
Goiztiri Euskaltegiko ikasleak umeei begira egindako kontakizuna ikustera hurbildu ziren martxoaren 15ean, osteguna, Ordiziako Urdaneta ikastetxera. Ahoz Aho 2012 jaialdiaren baitan antolatu zuten ekitaldia, eta bertan bildu ziren ikastetxeko umeak, eta euskaltegiko Beasaingo eta Ordiziako goizeko taldeak. Goizeko hamarretan hasi zen ipuin kontaketa eta ordubete iraun zuen. Ipuinak ahoz kontatzez gain, gorputz espresio eta marrazkien bidez ere adierazi zuten kontatzen ari zirena. Gozatu ederra hartu zuten euskaltegiko ikasle eta irakasleek!

2012/03/21

Martxelo Otamendik hitzaldia egingo du bihar Beasainen

iritzia: 
Berriako zuzendari den Martxelo Otamendik hitz egingo du bihar, 19:30ean, Beasaingo Udaleko Batzar Aretoan. Hitzaldia Berrialagunak lortzeko 'Zure ziztada behar dugu' kanpainaren barruan egingo dute.Kanpaina honen bitartez, herritarren bultzada eta sostengua lortu nahi dute, Berria taldea krisi garaian pairatzen ari den egoera hobetu eta aurrera jarraitu ahal izateko. Berria proiektuak 5000 laguntzaile behar ditu horretarako. Lagundu nahi baduzu sartu hemen.

Bitxigintza ikastaroa antolatu dugu apirilerako

iritzia: 
Eraztunak egiten ikasteko aukera izango dute Goiztiri AEK-ko ikasleek zein herritarrek apirilean. Bi orduko bi saio izango dira apirilaren 16an eta 23an Ordiziako euskaltegian. Ikastaroa egin nahi duenak izena eman beharko du martxoaren 23tik 30era bitartean. Ikastaroaren prezioa 6 eurokoa da.

2012/03/20

Napoka Iria taldearen kontzertua izango da ostiralean Beasainen

iritzia: 
Goiztiri AEK Euskaltegikook 25.urteurrena herritarrekin ospatzen eta gozatzen jarraitu nahi dugu, eta ostiralean, martxoak 23, beste ekitaldi bat izango dugu. Napoka Iria taldearen kontzertua izango da Beasaingo Igartza jauregian, 22:30ean. Napoka Iria taldea Miren Narbaiza eibartarrak eta Ander Mujika elgoibartarrak osatutako taldea da. 2005ean sortu zuten taldea eta hainbat kontzertu eman dituzte ordutik. Pare bat maketa kaleratu ondoren, iaz aurkeztu zuten euren lehen diskoa: Lehertarazi edifizioak. Disko horretako kantuak, aurretik sortuak eta bertsioren batzuk ere joko ditu Napoka Iriak ostiraleko kontzertuan. Animatu, eta etorri Napoka Iriaren musikaz gozatzera! Taldeari buruzko informazio gehiago topatuko duzue azpiko loturetan: http://www.facebook.com/pages/NAPOKA-IRIA/339447450202 http://www.myspace.com/napokairia http://napokairia.bandcamp.com/

Postre ikastaroa izan da Ordiziako jubilatuen egoitzan

iritzia: 
Postre ikastaroa izan zen joan den ostiralean Ordiziako jubilatuen egoitzan. Goiztiri euskaltegiko Karmele Santoyo izan zuten irakasle Ordiziako egoitzan bildutako hamabost bat lagunek. Aurtengo ikastaroan laranja moussa eta gazta tarta nola egin azaldu zuen Santoyok. Ikastaroko parte-hartzaileek zintzo-zintzo hartu zituzten oharrak, ondoren norberak bere etxean egin ahal izateko. Amaieran, prestatutakoa dastatzeko aukera izan zuten eta askari goxo-goxoa egin zuten.

Erregea eta Bufoia Seguran

iritzia: 
Seguran joan den ostiralean egindako Erregea eta Bufoia ikuskizuneko zati labur batzuk dituzue hemen. Ikusi eta gozatu! Bideo gehiago hemen edo hemen.

2012/03/19

Ikuskizun jendetsua eta umoretsua izan da Seguran

iritzia: 
'Erregea eta Bufoia' bertso-antzezlana izan zen joan den ostiralean Segurako Botikaxahar kulturgunean, eta ez zen algararik eta jenderik falta izan. Ander Lipus antzezleak hainbat pertsonai taularatu zituen Josu Goikoetxearen gaien arabera inprobisatuz, eta Aitor Sarriegi bertsolariak gaiei eta pertsonaien ateraldiei erantzun behar izan zien. Kulturgunean 130 bat lagun bildu ziren; guztiek ederki gozatu zuten eta gogotik egin zuten barre ikuskizunak iraun zuen bitartean. Ekitaldia Goiztiri AEK Euskaltegiak antolatu zuen Segurako Iparra-Hegoa ekimenaren barruan.
Aitor Sarriegi bertsolaria kantuan.
Josu Goikoetxea, Ander Lipus eta Aitor Sarriegi. Ander Lipus Juan Jundaren paperean. Josu Goikoetxea.

2012/03/15

Kanposantu literarioak

iritzia: 
Goierriko Kastako kideen testuak argitaratzen jarraituko dugu ekainera arte, eta gaurkoan Xabier Mendiguren Elizegi idazlearen testua dugu blogean. Testuan gori-gorian dugun gai bati buruzko gogoeta egin du beasaindarrak. Irakurri eta gozatu!

Xabier Mendiguren Elizegi Beasainen jaio zen 1964ko maiatzaren 3an. Euskal idazlea eta editorea da. Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen eta gaur egun ere hizkuntzari lotuta jarraitzen du, bai lanbidez eta bai zaletasunez. Idazle oparoa da eta genero asko landu ditu: haur eta gazte literatura, helduentzako ipuinak, eleberria, antzerkia...Literatura sari ugari ere jaso ditu: Lizardi Saria, Bizenta Mogel Saria, Tene Mujika Saria, Donostia Hiria...

Irudiak: Goierriko Hitza

2012/03/12

Bixi-bixi irratsaioan 25.urteurrenari buruz aritu gara hizketan

iritzia: 
Goiztiri AEK euskaltegiko Karmele Santoyo eta Nekane Munduate irakasle eta zuzendaritzako kideak Bixi-bixi irratsaioan izan ziren joan den asteazkenean. Bertan 25.urteurrenari buruz hitz egin zuten, eta euskaltegiak egindako ibilbide luzeari buruz aritu ziren kontu kontari. Euskaltegien tartean ere, euskaltegiko irakasle den Amaia Ajuriak hartu zuen parte, eta emakumearen eguna aitzakiatzat hartuta, emakumeek euskal kulturaren trasmisioan duten eta izan duten garrantzia nabarmendu zuen.

Lierni Elortza esataria, Nekane Munduate, Amaia Ajuria, Karmele Santoyo eta Santos Beloki kolaboratzailea.

Entzun irratsaioa.

2012/03/08

'Erregea eta bufoia' ikuskizuna izango da martxoaren 16an Seguran

iritzia: 
Goiztiri AEKren 25.urteurrena dela-eta, Erregea eta Bufoia ikuskizuna antolatu dugu Segurako Iparra-Hegoaren barruan. Ikuskizunean Ander Lipus aktorea eta bertsolari bat aritzen dira gaijartzaile baten gidaritzapean. Martxoaren 16ko emanaldian Josu Goikoetxea arituko da gai jartzen, Ander Lipus bufoi lanetan eta Aitor Sarriegi errege. Bertsolariaren bat-batekotasunaz gain, antzezleak ere inprobisatu egingo du. Antzezlea mozorrotu egingo da, eta hainbat pertsonaia ekarriko ditu oholtza gainera. Pertsonaia bakoitza eta bertsolaria etengabeko elkarrizketan arituko dira, nor baino nor.

Ander Lipus aktore markinarra, Iñigo Ibarra benetako izenez, abangoardiako aktorea eta bufoia da. Hainbat antzerki lanetan parte hartu du, bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere, baina bertso munduan 2007ko Bertso Egunean eta Bertso Tranpak ekimenean aritu zen, besteak beste.

Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarra aski ezaguna da bertso munduan, eta hainbat plaza egin ditu bai Goierrin eta baita eskualdetik kanpo ere. Iazko Gipuzkoako txapelketan Laxaro Azkunek jarri zion irabazlearen txapela. Horretaz gain, 2009ko Euskal Herriko Txapelketako finalista izan zen.

2012/03/07

Bihar hasiko da 'Korrika irlandarra'

iritzia: 
Rith 2012 gaelikoaren aldeko lasterketa hasiko da bihar Irlandan. Gaoth Dobhair-en (Gweedore, Donegal) hasiko da eta Inis Mór-en (Aran Islands, Galway) amaituko da martxoaren 17an, Saint Patricks egunean hain zuzen ere. Egun horretan irakurriko dute eskuz esku ibiliko duten lekukoaren barruko mezua. Irlandan korrika aritzerik ez baduzu ere, ziber-kilometroak erosten lagun dezakezu Rith 2012ren webgunean.
Irakurri albistea AEKren orrialdean.

2012/03/06

Herritar batek eskuratu du lehiaketako saria

iritzia: 
Otsaila ere joan zaigu, eta hilabete horretako lehiaketaren irabazlea Mari Carmen Arregi izan da. Arregik 'Ipar haizearen kontra' antzezlana ikusteko bi sarrera lortu zituen, eta antzerkia ikusteko aukera izan zuen joan den ostiralean Beasaingo Usurbe antzokian. Bi sarrera eskuratu zituenez, bere senarra eta Goiztiri AEK-ko ikaslea den Carlos Redondok ere gozatu zuen antzezlanarekin. Zorionak, beraz, biei!
Gogoratu martxoko lehiaketa ere martxan dugula. Parte hartu, beraz!

2012/03/01

Hainbat kultur ekitaldi izango dira Goierrin asteburuan

iritzia: 
Asteburu betea izango da Goierrin kultur jarduerei dagokionez. Hasteko, Garazi Kamiok Igartza Sariaren bidez argitaratu duen 'Beste norbaiten zapatak' liburua aurkeztuko du 19:00etan Beasaingo Igartza jauregian. Aurkezpenean, Kamioz gain, Xabier Mendiguren editorea, eta Beasaingo Udaleko eta CAFeko ordezkariak izango dira. Ipuinez osatutako liburu honetan hainbat istorio aurkituko ditu irakurleak: lankide baten amaren hilbeilak egonezinik uzten duen gizona, giza harremanak matematika-ekuazioen arabera ikusten dituen bikotea, autobusean bidaia luzea egin behar duen lagun parea, alaba gaixoa ospitalera eraman behar izan duen ama, bizilagunari mandatu bitxi bat eskatzen dion agurea, 30 urte lehenagoko ikasle garaiko pasadizoak aztoratzen duen gurasoa... Bihar, berriz, 'Ipar haizearen kontra' antzezlana izango da 22:15ean Beasaingo Usurbe antzokian. Itziar Atienza eta Joseba Apaolaza aktoreak Leoren eta Emmiren paperean ariko dira. Leok ezagutzen ez duen Emmiren e-posta jaso du, neskaren hankasartzearen ondorioz, eta Leok erantzun egin dio gizalegez. Emmiri erakargarria iruditu zaio bien arteko mezu trukaketa, eta, denboraren poderioz, bien arteko elkarrizketa jarraia bihurtuko da. Elkar aurrez aurre ezagutzeaz hitz egiten dutenean, ordea, ezinegonak gainditzen ditu, eta atzeratu egiten dute hitzordua. Larunbatean, Jon Sarasuaren 'Letez kantuberbetan' emanaldia izango da Ataungo Herri Antzokian, 19:00etan. Xabier Lete izango du gogoan, eta oiartzuarraren kanta batzuk jo eta abestuko ditu, abestiei buruz ere solas eginez. Ekitaldia Ordiziako, Lazkaoko, Ataungo eta Segurako Liburu Azoketako arduradunek antolatu dute, kultur ekintzak urteko beste garai batzuetara ere zabaldu nahian. Larunbatean bertan, Beasainen 'Euskaraz bizi eguna' izango da bertako Euskal Herria Euskaraz taldeak antolatuta. Pilota partidak izango dira 18:00etan Nafarroa Etorbideko pilotalekuan: Ion Diez-Iraeta / Urteaga-Rodriguez eta Goikoetxea / Mendia (4 t’erdian). Pilota partidak amaitzean, 20:00ak aldera, trikipoteoa egingo dute Mikelaren eta Urdangarin trikitilariekin, eta, 21:30ean, bertso-afaria izango da plaza azpian Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi eta Beñat Iguaran bertsolariekin. Afarirako txartelak aurrez erosi behar dira Irizar, Arrano eta Basakana tabernetan, 12 eurotan. Egunean bertan 15 euro balioko dute.