2012/02/29

Giro ederra sortu dute ikasleek sagardotegiko irteeran

iritzia: 
Ordiziako Hitzaro Euskara Elkarteko kideak, Mintzalagunak eta Goiztiri AEK-ko ikasleak Ataungo Urbitarte sagardotegian izan ziren joan den ostiralean, urteroko legez. Hasieratik giro alaia sortu zen guztien artean, eta euskaltegiko ikasleek euskaraz hitz egiteko aukera izan zuten klasetik kanpo. Entzumena eta mintzamena praktikatzeko abagunea ondo probestu zuten ikasleek, eta belarriak eta mingaina zorroztu zituzten, umore onez. Hitz egiteaz gain, afari ederra egin zuten, sagardoz lagunduta. Gainera, dantzan eta kantuan ere aritu ziren, Gaintzako eta Zaldibiako trikitilari bikote gaztearen eskutik.
Goiztiri AEK-ko ikaslea txuleta ebakitzen.
Goiztiri AEK-ko ikasleak eta Mintzalagunak giro onean.
Euskaltegiko ikasle eta irakasleak berriketan. Trikitilarien inguruan kalejiran, sagardotegi kanpoan.

2012/02/27

Talo ikastaro jendetsua izan da aurtengoa ere

iritzia: 
Talo ikastaroa izan zen joan den asteazkenean Arriarango Intxaurpe elkartean, eta 90 bat lagun bildu ziren. Segurako talogileek taloak egiteko prozesua erakutsi zuten, eta ikastaroko parte hartzaileei taloak egiten irakatsi zieten. Talogileek orea egin ondoren, mahaietan banatu eta parte hartzaileek taloak egin zituzten talogileen aholkuei jarraituz. Ondoren, erretzera eraman zituzten, eta, ondo erretakoan, hirugiharrez, txistorrez, txokolatez edo gaztaz bete zituzten taloak. Amaitzeko, bakoitzak norberak egindako taloa dastatu zuen. Ikastaroan izandakoek aipatu dutenez, "gustura eta giro onean" aritu ziren talo-jardunean. Hona hemen prozesua argazkitan:
Segurako talogileak orea egiten. Ikastaroko parte hartzaileak taloa egiten, Segurako talogileen azalpenen laguntzaz. Intxaurpe elkarteko kideak, eta AEK-ko irakasle eta ikasleak taloak eta gainerakoak erretzen. Taloa erre ondoren, barrualdea jakiz betetzen. Taloa prestatutakoan, dastatzen.

2012/02/22

Gastronomiaz aritzeko webgune berria sortu dute euskaraz

iritzia: 
Interneten gastronomiari buruz euskaraz jarduteko txoko baten beharra zegoela ikusita, webgunea sortu du Xoraturikan enpresak. Sukaldean euskaraz bizi ahal izatea, eta euskararen erabilera sustatzea da orrialdearen helburua. Mila errezeta baino gehiago daude atari honetan, eta guztiak euskaraz. Sukaldaritzarekin lotutako hiztegia ere jarri dute martxan, eta hura aberasteko asmoa dute pixkanaka-pixkanaka. Gastronomiaren inguruko albisteak ere sartuko dituzte, berrikuntzak, azokak, jaiak eta horrelakoak aipatuz.
Jendearen parte hartzea ere kontuan hartu dute, eta erabiltzaileek errezeta horiek egin, argazkia atera eta webguneko blogean zintzilikatzeko aukera izango dute. Sariak lortzeko parada ere izango dute webguneko partaideek; lehen hamar errezetak jartzen dituztenen artean bi lagunentzako otordua zozketatuko dute, eta gauza bera egingo dute lehen 50 argazkiak zintzilikatzen dituztenen artean ere. Horretaz gain, Facebook, Twitter eta Berriketan sare sozialetan ekarpenak, iritziak eta kritikak egiteko aukera izango da, besteak beste. Sartu, eta hasi errezetak euskaraz prestatzen! Irakurri albistea Berria egunkarian.

2012/02/21

Boiseko euskara ikasleek maitasun gutunak bidali dizkiete munduko beste ikasle batzuei

iritzia: 
San Balendin eguna izan zen joan den astean, eta, egun hori probestuz, Estatu Batuetako Boise hiriko euskara ikasleek maitasun gutunak idatzi zituzten klasean. Ondoren, munduko beste euskara ikasle batzuei bidali zizkieten. Oinarrizko mailako ikasleek Boise State University-ko ikasleei bidali zizkieten gutunak, erdi mailakoek Australiakoei eta goi mailakoek Europako hainbat ikasleri: Londreskoei, Erromakoei, Bartzelonakoei, Euskal Herrikoei... Gutunik jaso ez baduzue ere, baduzue eurei erantzuteko aukera. Horretarako sartu Euskal Kulturaren orrialdean, eta informazio gehiago, gutun batzuk eta helbidea topatuko dituzue.

2012/02/20

Hamalaugarren aholkua euskara ikasleentzat

iritzia: 
E-uskaltegia online zerbitzuaren hamalaugarren aholkua dugu honako hau. Bakoitza den bezalakoa dela gogorarazten digu, eta hizkuntzak ikastea ere badela geure burua ezagutzeko bidea.

2012/02/16

Bideokopla lehiaketa antolatu dute Bertsozale Elkarteak eta AEK-k

iritzia: 
Bideokopla lehiaketa antolatu dute AEKren Mintzapraktika egitasmoak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Lehiaketa honen helburua euskara ikasten edo praktikatzen ari direnak bertsolaritzara hurbiltzea, eta bertsolaritzak euskara praktikatzeko ematen dituen aukerak erakustea da.

Lehiaketan parte hartzeko koplak dituen bideoa sortu behar da. Taldeka hartu behar da parte, eta taldeek gutxienez bi lagunekoak izan behar dute. Gutxienez sei kopla eta gehienez hamabi sortu behar dira, eta gaia honako hau da: euskaraz bizi nahi dut, dugu, duzu...Doinua librea da.

Lehiaketa euskalduntze edo mintzapraktika egitasmoetan dabiltzan erakundeetako taldeei zuzenduta dago, baina talde horiek bertsolari baten laguntza izan dezakete, hala eskatuz gero. Gainera, inguruko bertso eskolarekin elkarlanean aritzea balioetsi egingo dute.

Bideoa praktikatu@gmail.com helbidera bidali behar da martxoaren 25a baino lehen. Irabazten duen taldeak bertso-bazkari edo afari bat lortuko du. Bi bertsolari izango dira bertan, eta taldeak eta antolakuntzak adostuko dute tokia.

Lehiaketako epaimahaia Bertsozale Elkartea izango da. Horrez gain, hala ere, edonork bere gustuko bideoa bozkatzeko aukera izango du Praktikatu AEK Facebookeko orrialdean.

Azpian duzue Korrika 17ko Euskalakari, koplari lehiaketako bideo irabazlea:

Informazio gehiago AEK-ko orrialde nagusian

2012/02/15

Soinuen gozotasuna

iritzia: 
Goierriko Kastako kideek bosgarren testua sortu dute gure txoko honetan zintzilikatzeko. Hilabete honetan Ekaitz Goikoetxearen testua dugu. Goikoetxeak musika noten soinuak eta bizitzarenak parez pare jarri ditu.

Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena 1980ko abuztuaren 28an jaio zen Beasainen. Gurasoen ipuin, kontu eta kantuak entzunez barrendu zen hizkuntzaren adierazpide ezberdinetan, eta berak ondutako bertso, olerki eta narrazioekin hainbat sari eskuratu ditu. Nabarmentzekoa da 2003ko Gipuzkoako bertsolari txapelketan finalera iritsi zela.

Ofizioz euskara irakaslea da, eta egun Ikasketa Buru ere badihardu Burlatako Askatasuna Institutuan. Ikasleekin hainbat emanaldi antolatzen ditu urtean zehar, neska-mutilei beren baitan duten artista txikia azaleratzen gozatu egiten baitu beasaindarrak Halaber, larunbat goizetan, Irati arrebarekin batera Itaka literatur saioa zuzentzen du Segura Irratian. Zoriontsua da.

Irakurri eta gozatu!

2012/02/14

Talo ikastaroa izango da datorren asteazkenean Arriaranen

iritzia: 

Taloak nola egiten diren ikasteko aukera izango da datorren asteazkenean, hilak 22, Arriarango Intxaurpe elkartean. Segurako talogileek taloak egiteko prozesua irakatsiko dute, eta, orea hartuta, taloei forma ematen ikasiko dute Intxaurpe elkartera hurbiltzen direnek. Prozesuaren amaieran, partaide bakoitzak norberak egindako taloa dastatuko du.

Ikastaroan parte hartu nahi duenak otsailaren 20a, astelehena, izango du izena emateko azken eguna. Helduek 4 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek 2 euro. Izena eman eta ordaintzerakoan, txartela emango zaio partaide bakoitzari. Txartel hori ikastaroaren egunean erakutsi beharko da.

Ikastaroa Goiztiri AEK Euskaltegiak antolatu du Arriarango Intxaurpe Elkartearekin elkarlanean.

Animatu, eta ikasi taloa egiten!

2012/02/13

Probatu gabe ez dago jakiterik

iritzia: 
E-uskaltegia online zerbitzuko kideek aholkuekin jarraitzen dute, eta hamahirugarrena dugu honako hau. Bideo honetan argi utzi nahi dute zerbait egin arte ezin dugula jakin zein izango den emaitza. Beldurrak uxatu eta saia gaitezen, beraz!

2012/02/09

Beasaingo iluntzeko taldeko ikasle batek jaso du saria

iritzia: 
Urtarrileko lehiaketak badu irabazlea: Antonio Aierbe Garmendia. Beasaingo iluntzeko taldeko ikaslea da Aierbe, eta lehiaketan parte hartzen du fin-fin, hilero-hilero. Hileroko jardun horrek eman du fruitua, eta azkenean saria eskuratu du euskaltegiko ikasleak. Jon Maiak egindako 'Bidaia intimoak' dokumentala, Irati Jimenezen 'Atsekabe zaitut' liburua, Lor taldearen diskoa, eta euskara-gaztelania hiztegitxoa eraman ditu etxera Aierbek. Zorionak eta gozatu! Ez ahaztu otsaileko lehiaketa ere martxan dugula. 'Ipar haizearen kontra' antzezlana ikusteko bi sarrera zozketatuko ditugu galdera asmatzen dutenen artean. Animatu eta parte hartu!

2012/02/07

Huts egin eta jarraitu aurrera!

iritzia: 
Hamabigarren zen aholkua prestatu digute E-uskaltegia online zerbitzuko kideek. Azken bideo honetan hutsegiteak ikasketa prozesuaren parte direla gogorarazi nahi izan digute.

2012/02/06

Abestia sortu dugu 25.urteurrena ospatzeko

iritzia: 
Euskaltegiak 25 urte bete ditu 2011-2012 ikasturtean eta urteurrena aitzakiatzat hartuta, abesti bat sortu dugu. Kantaren doinua Hernani aldeko Black Jiko taldeak egin du eta letra, berriz, Iñaki Apalategi bertsolari beasaindarrak. Black Jiko taldeko kide bat euskara ikasten aritu da gurekin ikasturte honetan, eta horregatik hautatu genuen reggae musika egiten duen taldea. Gaztelaniaz egin ohi dituzte abestiak, eta euskarazko kanta egiteko aukera eman diegu oraingoan. Apalategik euskaraz ikasten ari direnek egiten duten ahalegina nabarmendu nahi izan du kantaren bidez, batez ere ematea hainbeste kostatzen den lehendabiziko pauso horri aitortza eginez.
Lehenengo eguneko lotsa (basque reggae feat. Iñaki, Jiko & Leire) by Goiztiriaekgoierri

2012/02/02

Bertsoa eta irudia elkartzen dituen lehiaketa martxan da Beasainen

iritzia: 
Bertsomovieda izeneko lehiaketa jarri du martxan Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak. Bertsomovie-a bertsoak dauzkan bideo bat da, eta nahikoa da bi elementu horiek, irudia eta bertsoa, uztartzea. Bideoak gutxienez bertso bat izan beharko du, eta euskaraz izango da.

Edozein pertsona, talde edo koadrilak har dezake parte, eta adinari eta bizitokiari dagokionez ere, ez dago mugarik. Gainera, nahi adina bertsomovie aurkez daitezke.

Bideoak martxoaren 24ra arte aurkez daitezke. Sari banaketa apirilaren 20an izango da Beasainen, baina aldez aurretik jakinaraziko dira lehiaketako irabazleak, hedabideen bitartez. Hiru sari izango dira: epaimahaiaren saria (900 euro), epaimahaiak aukeratuko duena; bertso onenen saria (300 euro), epaimahaiaren iritziz bertso maila onena duen bideoari emango zaiona; eta ikusleen saria (450 euro inguruan baloratutako saria), webgunean bozka gehien biltzen dituen bideoarentzat. Parte hartzeko interesik baduzue, klikatu hemen lehiaketako oinarriak ikusteko. Animatu, eta parte hartu!

2012/02/01

Euskaltegiaren 25.urteurrenaren aurkezpena egin dugu Ordizian

iritzia: 
Goiztiri AEK Euskaltegiak 25 urte bete ditu 2011-2012 ikasturtean eta urteurrenaren aurkezpena izan zen atzo Ordiziako D'Elikatuz interpretazio zentroan. Bertan bildu ziren gaur egun euskaltegiko irakasle eta ikasle direnak, eta baita 25 urte hauetan irakasle eta ikasle izandako zenbait lagun ere.

Euskaltegiko zuzendaritzako kide den Karmele Santoyok hartu zuen hitza lehenbizi. Euskaltegiaren sorreran zerikusia izan zutenek egindako lana nabarmendu zuen, eta lehengoen eta oraingoen arteko soka-lanari eman nahi izan zion garrantzia. Horretaz gain, 25.urteurrenarekin batera euskaltegiak jaso duen oparia ere izan zuen hizpide: lokal berria.

Beñat Garmendiak, euskaltegiko irakasle eta lokalaren obraren arduradunak, lokal berria Behe Nafarroa kalean, Lukusin plazaren ondoan, izango dela aipatu zuen, eta maiatzaren bukaerarako prest izango dela.

Maria Luisa Gorrotxategi irakasleak, urteurrena dela-eta, otsailetik ekainera izango diren kultur ekintzak azaldu zituen. Otsailaren 22an talo ikastaroa izango da, Arriarango Intxaurpe elkartean. Martxoan Erregea eta Bufoia ikuskizuna egingo dute Seguran, Ander Lipus aktoreak eta Aitor Sarriegi bertsolariak. Apirilean, berriz, Napoka Iriaren kontzertua izango da Beasainen, eta maiatzean bakarrizketak Legorretan. Amaitzeko, ekainean lokal berria ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, eta afaria ere antolatuko dugu urteurrena mahaiaren bueltan ospatzeko.

Urteurrena dela-eta logotipo lehiaketa antolatu dugu, eta lehiaketa irabazlea Mikel Ruiz de Azua Eguren aramaioarra izan da. Berak azaldu duenez, logotipoko geziak eboluzioa, prozesua edota hazkuntza irudikatu nahi du. Gezi honen bitartez, 25 urteetan landu diren aspektu eta esfortzuak baloratu nahi ditu, eta urte bakoitzeko fruitua zirkulu baten bidez transmititu. Horregatik, gezia 25 zirkuluz osaturik dago, urteak pasa ahala gero eta zirkulu handiagoak direnak, gero eta gehiago garelako eta izango garelako.
Aurkezpena bukatzeko, urteurrenerako egindako abestia aurkeztu genuen. Black Jiko taldeak egin du doinua, eta Iñaki Apalategi bertsolariak letra. Behean duzue abestia eta abestiarekin egindako bideoa. Gozatu!
Lehen eguneko lotsa (basque reggae feat. Iñaki, Jiko & Leire) by Goiztiriaekgoierri