2012/12/21

Gabonetako postal lehiaketako irabazleek euren sariak jaso dituzte

iritzia: 
2012ko Gabonetako postal lehiaketako sariak banatu genituen atzo Ordiziako Barrena jauregian, irabazleen eta ingurukoen aurrean. 102 postal jaso ditugu aurtengo lehiaketarako Jakintza ikastolako 5, 6 eta DBH1eko ikasleek eta Urdanetako 5 eta 6.mailako ikasleek egindakoak. Ikastetxe bakoitzetik hiru saritu izendatu zituzten Goiztiri AEK euskaltegiko Ordiziako ikasleek. Hauexek izan dira garaileak:


1. saria: Jakintzako Leire Urdangarin eta Urdanetako Arkaitz Peñalver.
2.saria: Jakintzako Enara Barandiaran eta Urdanetako Eider Huerta.
3.saria: Jakintzako Irati Ona eta Urdanetako Ane Ormazabal.

Lehenengo sarituek Lazkaoko Gerriko liburu-dendan erabiltzeko 60 euroko txartela jaso zuten, bigarren sarituek 45 eurokoa eta hirugarren sarituek 30 eurokoa. Gozatu saria!

Irabazleen postalak eta gainerako parte hartzaileenak Barrena jauregian izango dira ikusgai, urtarrilaren 7ra arte.

2012/12/20

Urtarriletik aurrera izango dira martxan Korrika Batzordeak

iritzia: 
Kultur
Abenduan Korrika 18ren aurkezpenak egin dira Goierriko hamabi herritan: Ordizian, Beasainen, Zaldibian, Seguran, Olaberrian, Lazkaon, Zegaman, Idiazabalen, Ataunen, Itsasondon, Legorretan eta Ormaiztegin. Guztira 120 lagunetik gora izan dira aurkezpenetan. Hamabi Korrika batzorde eratu dira eta urtarrileko bileren datak finkatu. Honako hauek dira datorren urtean egingo diren lehen Korrika Batzordeen hitzorduak:

- Olaberria. Urtarrilaren 8an, 16:30ean. Udaletxean.
- Ordizia. Urtarrilaren 8an, 18:00etan. Barrenako 7.gelan.
- Zaldibia. Urtarrilaren 8an, 19:00etan. Kultur etxean.
- Beasain. Urtarrilaren 9an, 17:30ean. Udaletxeko Batzar aretoan.
- Segura. Urtarrilaren 9an, 19:00etan. Kultur etxean.
- Idiazabal. Urtarrilaren 10ean, 18:00etan. Pilar enean.
- Zegama. Urtarrilaren 10ean, 19:30ean. Kultur etxean.
- Ormaiztegi. Urtarrilaren 14an, 18:30ean. Kazetagunean.
- Itsasondo. Urtarrilaren 15ean, 18:30ean. Udaletxean.
- Lazkao. Urtarrilaren 16an, 18:00etan. Udaletxean.
- Legorreta. Urtarrilaren 16an, 19:00etan. Udaletxean.
- Ataun. Urtarrilaren 17an, 19:00etan.  San Martingo atseden lekuan.

Zaldibiako ikaslea den Garbiñe Ibañezek eskuratu du azaroko lehiaketako saria

iritzia: 


Azaroko lehiaketako saria Zaldibiako taldeko ikaslea den Garbiñe Ibañezek lortu du. Joan den asteburuan Goierrin egindako Liburu eta Disko Azoketako batean gastatzeko 50 euroko bonua eskuratu zuen Ibañezek ,eta Beasainen egin zituen erosketak larunbatean. Gozatu erositakoez!

Gogoan izan bihar amaitzen dela abenduko lehiaketan parte hartzeko epea. Abenduaren 29an Ordiziako Majori kiroldegian egingo den bertso jaialdi berezirako lau sarrera zozketatuko ditugu. Animatu eta parte hartu!

2012/12/18

Postal lehiaketako sari banaketa egingo dugu etzi

iritzia: 
,
Urteroko ohiturari jarraituz, postal lehiaketa antolatu dugu eta etzi egingo dugu sari banaketa Barrena jauregian, 19:00etan. Urdaneta eta Jakintzako 5, 6 eta DBH1eko ikasleek postalak egin dituzte eta ostegunean sei irabazleen izenak jakinaraziko ditugu eta bakoitzak bere saria jasoko du. Horretaz gain, parte hartu dutenen lanak izango dira bertan ikusgai eta erakusketa urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik. Animatu eta inguratu postalak ikustera!

Iazko irabazleak

2012/12/13

Liburu eta disko azokak izango dira asteburuan Goierrin

iritzia: 
Durangokoaren ondoren, Liburu eta Disko Azokak izango dira bihartik larunbatera Lazkaon, Ataunen, Seguran, Ordizian eta Beasainen. Horien berri eman zuten atzo Lazkaoko Gerriko Txokoan egindako aurkezpenean. Bertan bildu ziren Joxepa Madariaga Lazkaoko Gerriko Kultur Elkarteko ordezkaria; Garazi Etxeberria eta Maider Arruabarrena Ataungo irakurle taldeko kideak; Segurako azoka batzordeko Aitziber Lertxundi; Ordiziako Hitzaro Euskara Elkarteko Aitor Calvillo eta Beasaindik Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiko Maitane Legarreta eta Beasaingo Udaleko Ane Barandiaran.


Liburu festa, azokan! lemapean egingo dituzte bost azokak. Aurten, gainera, Beasain ere herrien arteko elkarlanean sartu da. Bateratuta lanean arituagatik herri bakoitzak bere azoka izango du, produktu eta egitarau propioarekin. Hortaz, ez da liburu, DVD, jostailu eta CD faltarik izango. Gainera, ehuneko hamabosteko deskontua izango da produktuetan. Horretaz gain, egitarauen barruan liburu aurkezpenak, musika, bertsoak, ipuin kontaketak eta bestelakoak ere izango dira.



Inguratu Liburu eta Disko Azoketako batera eta gozatu!

Lazkaoko Azokako informazioa
Ataungo azokako informazioa
Segurako Azokako informazioa
Ordiziako Azokako informazioa
Beasaingo Azokako informazioa

Albistea Diario Vascon

2012/12/11

Hilabete honetako galdera

iritzia: 



Hilabete honetako galdera: Non hasi eta amaituko da Korrika 18?

Saria: Abenduaren 29an, 18:00etan, Ordiziako Majori kiroldegian izango den bertso jaialdirako lau sarrera. Jaialdi berezia izango da, Imanol Lazkanori aitortza egingo baitzaio 'Zubigintzan artista' izeneko ekitaldian. Atal askoz osatutako jaialdia izango da: Erniarraitz eta Goibe bertso eskolen arteko desafioa; Lazkanoren bertso sortak Ramon Elosegik kantatuak; bat-bateko saioa Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen eskutik eta, azkenik, aitortza berezia egingo diote Imanol Lazkanori, urte askoz bertsokide izan dituen Jon Lopategi, Joxe Agirre, Patxi Etxeberria eta Txomin Garmendiaren babesean.

Parte hartzeko azken eguna: abenduak 21.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2012/12/10

Korrika 18ren aurkezpen gehiago izango dira datozen egunetan

iritzia: 
Jada Goierriko zenbait herritan egin da Korrika 18ren aurkezpena baina oraindik ere beste hainbat herri daude zain. Honako hauek izango dira hurrengoak: 

Olaberria. Bihar, 18:00etan, Udal pleno aretoan.
Lazkao. Abenduaren 13an, osteguna, 18:00etan. Udaleko erakusketa gelan.
Zegama. Abenduaren 13an, 19:30ean. Kultur etxean.
Idiazabal. Abenduaren 17an, astelehena, 18:00etan. Pilar eneako ganbaran.
Ataun. Abenduaren 17an, astelehenam 19:00etan. San Gregorioko jolas lekuan.
Itsasondo. Abenduaren 18an, asteartea, 18:30ean. Gazte lekuan.
Legorreta. Abenduaren 19an, asteazkena, 18:00etan. Udaletxeko aretoan.

Animatu eta hartu parte!

2012/12/04

Beasaingo iluntzeko ikasleak baserritarren jantzien erakusketan izan dira

iritzia: 
Ostadar dantza taldeak euskal baserritarren jantzien hitzaldi-erakusketa antolatu zuen joan den astean. Beasaingo iluntzeko taldekoak izan ziren bertan azaroaren 27an eta baserritarren jantzien inguruko informazioa jaso zuten: euskal historian zehar zertarako erabili izan diren, euskal folklorearen eta dantzen inguruan zer suposarazi izan duten…Horretaz gain, jantzien inguruko kontuak ere azaldu zituzten: nesken zapiak nola jarri, mutilen kasuan gerriko ondo nola lotu, txiki gelditutako arropa tamainara nola egokitu...


2012/12/03

Korrika 18ren aurkezpenak egingo dira herrietan

iritzia: 
Aste honetan hasiko dira Korrika 18ren herrietako aurkezpenak. Axular Barandiaran, Goierriko koordinatzaileak, edizio honen inguruko informazioa emango du eta aurkezpen horren ondoren eratuko dira herrietako Korrika Batzordeak.

Hauexek dira oraingoz lotutako aurkezpenak:

Ordizia. Bihar, abenduak 4, 18:00etan. Barrenako 7.gelan.
Zaldibia. Bihar, abenduak 4, 19:00etan. Kultur etxean.
Beasain. Etzi, abenduak 5, 18:00etan. Udal pleno aretoan.
Segura. Etzi, abenduak 5, 19:00etan. Kultur etxeko areto nagusian.
Olaberria. Datorren asteartean, abenduak 11, 18:00etan. Udal pleno aretoan.

Beste herrietako datak zehaztuko ditugu laster. 

Animatu eta parte hartu!

2012/11/30

Esne Beltzak egin du Korrika 18ren kanta

iritzia: 
Gaur goizean aurkeztu dute Andoainen Korrika 18ren kanta eta Esne Beltza taldeak eginiko 'Bagoaz' abestia entzuteko aukera izan da bertan, Xabier Solanoren eskutik. Azpian duzue abestiaren bideoklipa. Audioa, berriz, hemen deskarga dezakezue. Gozatu abestiaz eta eman euskara elkarri!





2012/11/28

Bitxi ugari egin ditugu ikastaroan

iritzia: 
 

Bitxigintza ikastaroko bi saioak burututa, jendea eskuak bitxiz beteta joan da etxera. Lehenengo saioan, eraztuna, belarritakoak  eta lepokoa egin genituen. Bigarren saioan, berriz, mugikorrentzako zintzilikarioa, koloretako bolatxodun lepokoa eta beste eraztun bat. Larraitz Sukia ataundarra izan genuen irakasle eta berak azaldu zizkigun gauza bakoitza egiteko eman beharreko pausoak. Hona hemen emaitza:



Bejondeizuela, apaingarri ederrak egin dituzue-eta! Larraitz Sukiari ere gure esker ona irakatsitakoagatik eta hurrengora arte!

Argazki gehiago.

'Euskaraz bizi nahi dugu' manifestazioa izango da larunbatean Donostian

iritzia: 
Larunbatean, abenduak 1, Donostian manifestazioa egingo da euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. 17:00etan aterako da manifestazioa Anoeta estadioaren paretik, 'Euskaraz bizi nahi dugu' lelopean. Manifestazioa honen bultzatzaileak Kontseilua, Euskal Herrian Euskaraz, Ikastolen elkartea eta AEK dira.

Azpiko bideoan duzue ekimenaren manifestua.


Autobusak ere antolatu dira manifestaziora joateko. Hemen duzue horren inguruko informazioa.

Atxikimendua eman nahi baduzue, berriz, hemen duzue aukera.

Larunbatean denok Donostiara! Gu joango gara eta zu?

2012/11/27

Korrika 18ren Goierriko aurkezpena egin dugu gaur Ordiziako euskaltegian

iritzia: 
Korrika 18ren Goierriko aurkezpena egin dugu gaur goizean Ordiziako Goiztiri AEK euskaltegian. Prentsaurrekoan izan dira Korrikaren Goierriko koordinatzailea den Axular Barandiaran; Goiztiri AEK, Maizpide eta Beasaingo Udal euskaltegiko ikasle eta irakasleak eta Ordiziako hezkuntzako ordezkariak. 


Barandiaranek Korrika 18ren inguruko xehetasunak azaldu ditu goizeko agerraldian. Korrikaren 18. edizio honetako leloa 'Eman euskara elkarri' dela azaldu du eta omenduak euskara ikasleak izango direla. Edizio honetako abestia, berriz, Andoainen aurkeztuko dute ostiralean, 11:30ean.

Horretaz gain, Korrikak Goierrin egingo duen ibilbidea ere zehaztu du. Andoaindik abiatuko da martxoaren 14an eta Goierritik egun berean pasako da, gauez. Legorreta, Itsasondo, Arama, Ordizia, Zaldibia, Lazkao, Olaberria, Idiazabal, Beasain, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain, Segura eta Zegama zeharkatuko ditu. Korrikaren amaiera, berriz, Baionan izango da martxoaren 24an.

Korrikaren parte izateko modu asko daudela azpimarratu du Goierriko koordinatzaileak, baina batez ere bi nabarmendu nahi izan ditu gaurkoan: Korrika laguntzaile izatea eta herrietan sortuko diren Korrika batzordeetan parte hartzea.Gonbita luzatu nahi diegu, beraz, goierritarrei euren laguntza eskaintzeko era batean edo bestean.

Azpiko bideoetan jasota duzue gaurko prentsaurrekoaren nondik norakoa.  Bertako informazioa jaso ondoren, izan zaitez zu ere Korrikaren partaide!



2012/11/26

Elkarretaratzeak egin dira Beasainen eta Ordizian euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko

iritzia: 
Beasainen 30 bat lagun eta Ordizian 20 bat lagun elkartu ginen larunbatean
'Euskaraz bizi gaitezen aska ditzagun kateak' lelopean. Elkarretaratze honen bidez, Donostian abenduaren 1ean egingo den 'Euskaraz bizi nahi dugu' manifestaziora joateko deia luzatu nahi diegu goierritarrei. Euskal Herrian Euskaraz, Kontseilua, Ikastolen Elkartea eta AEK dira manifestazio honen bultzatzaileak.

 
 
Bestalde, gogorarazi nahi dugu 'Euskaraz bizi nahi dut' banderatxoak
salgai ditugula hiru euroan Goiztiri AEKren euskaltegietan (Ordizian Nafarroa Beherea 1 kalean eta Beasainen Urbialde 7, behean).

2012/11/23

'Euskaraz bizi nahi dugu' elkarretaratzeak izango dira bihar Goierrin

iritzia: 


Bi elkarretaratze izango dira bihar Goierrin euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Elkarretaratzeak eguerdiko hamabietan izango dira Ordiziako plaza nagusian eta Beasaingo Zubimuzu plazan. Goierritar oro gonbidatua dago elkarretaratzean parte hartzera. Hurbildu, beraz, bihar Ordiziara edo Beasainera!



Bestalde, 'Euskaraz bizi nahi dut' banderatxoak ere salgai ditugu hiru eurotan Ordiziako (Nafarroa Beherea,1) eta Beasaingo (Urbieta 7, behea) euskaltegietan.

2012/11/21

Ormaiztegiko ikasleak Mendi Asteko hitzaldian izan dira

iritzia: 
Ormaiztegiko taldea bertako Mendi Astearen hitzaldietako batean izan zen aurreko astean. Irakurri ikasleek horri buruz kontatutakoa:

Mendi astea Ormaiztegin


Lehengo ostegunean Ormaiztegiko ikasleak hitzaldi batera joan ginen. Hitzaldiaren gaia: Groenlandian zeharkaldia. Alfonso izan zen hizlaria. Alfonso Kataluniakoa da eta espedizioko kide bat da beste bost lagunen artean.


Espedizioa Cabo Taney-tik Siorapaluk-era joan zen (Groenlandia) eta 180 kilometro egin zituzten. Zeharkaldi hau egitea 15 egun kostatu zitzaien.


Hotz handia egiten zuen han, -5 eta -25 graduko tenperaturen artean ibili ziren. Paisaia berdina zen denbora guztian, dena zuria zen eta zuhaitzik gabe. Leku arriskutsua da hartz zuriak daudelako.


Espediziokoek asko jaten zuten energia asko galtzen zutelako (egunean 4.000 – 7.000 kaloria). Horregatik, koipe asko jaten zuten.


Esperientzia hau oso interesgarria izan da espedizioko kideentzat.

2012/11/20

Korrika 18ren Goierriko aurkezpena egingo dugu datorren asteartean

iritzia: 



Korrika 18ren aurkezpen nagusia eginda, Goierrikoa izango dugu datorren asteartean Ordiziako euskaltegiko ekitaldi aretoan, 11:30ean. Bertan, Korrikak Goierrin egingo duen ibilbidearen berri emango dugu. Horretaz gain, leloa, omenduak, eta beste zenbait kontu ere jakinaraziko dira.




Prentsaurrekoan izango dira Korrikaren Goierriko arduraduna den Axular Barandiaran; Goiztiri AEK, Maizpide eta Beasaingo Udal Euskaltegiko hainbat ikasle eta irakasle eta Goierriko hezkuntza arloko ordezkariak.



Ikusi Korrika 18ren aurkezpen orokorreko bideoa

2012/11/16

Triki-bertso poteoa eta kontzertuak izango dira bihar Beasainen

iritzia: 


Abenduaren 1ean 'Euskaraz bizi nahi dugu' lelopean Donostian egingo den manifestazioa bideratzen ari dira Euskal Herrian Euskaraz, Euskararen GIzarte Erakundeen Kontseilua, Ikastolen Elkartea eta AEK. Ekitaldi hori girotu eta indartzeko asmoz, bihar ere hainbat ekitaldi izango dira Beasainen, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Hauxe izango da biharko egitaraua:

19:00etan. Triki-bertso poteoa, plazatik abiatuta.
21:00etan. Afaria, Gernika pasealekuko pilotalekuan. Ogitartekoak izango dira 3, 4 edo 5 euroren truke. Edariak ere izango dira bertan salgai.
23:00etan. Kontzertuak:  Bolkete eta Sutan. Gernika pasealekuko pilotalekuan.

Ekimen hau Goierriko Euskal Herrian Euskarazek antolatu du. Euskaraz bizi nahi duen edonori luzatu nahi diogu ekintza hauetan parte hartzeko gonbita. Animatu!
 


2012/11/13

Legorretako Zestus Agirrebeñak eskuratu du urriko lehiaketako saria

iritzia: 
Ikasturte hasierako Korrikako kirol-jertsea Legorretan bizi den Zestus Agirrebeña soraluzearrari egokitu zaio. Urriko lehiaketako saria erakutsiz argazkia atera du Agirrebeñak, eta azpiko argazkian ageri da jertse grisa soinean duela, dotore asko! Zorionak, Zestus!


Gogoratu azaroko lehiaketa ere martxan dugula eta Goierriko Euskal Liburu eta Disko Azoketako batean gastatzeko 50 euroko bonua irabaz dezakezuela. Animatu eta parte hartu, beraz!

2012/11/12

BItxigintza ikastaroan izena-emateko epea zabalik da

iritzia: 
 

Iazko ildotik jarraituz, aurten ere bitxigintza ikastaroa antolatu dugu azaroaren 19an eta 26an, 09:30etik 11:30era. Alanbrearen antzeko materiala erabiliz, Larraitz Sukia ataundarrak eraztunak eta belarritakoak egiten irakatsiko digu Ordiziako euskaltegian bilduko garenoi. Bi orduko bi saio izango dira eta parte hartzaile bakoitzak 6 euro ordaindu beharko ditu. 



Ikastaroa egiteko interesa duenak ostegunera arteko epea du izena emateko. Horretarako Beasaingo (Urbialde 7, behea) edota Ordiziako (Nafarroa Beherea, 1) euskaltegietara gertura daiteke. Bestela, berriz, e-posta bidali beasain@aek.org edota ordizia@aek.org helbideetara edo 943 88 93 40 edota 943 88 91 74 telefono zenbakietara deitu.

Animatu ikastarora! Baietz arrakasta izan zure kabuz egindako bitxiekin!

2012/11/08

Hilabete honetako galdera

iritzia: 
Hilabete honetako galdera: Zein izango da Kontseiluak abenduaren 1ean Donostian egingo duen manifestazioaren leloa?
 
Saria: Abenduaren 14tik 16ra Goierrin egingo diren bost  Euskal Liburu eta Disko Azoketako batean (Ataunen, Ordizian, Beasainen, Seguran eta Lazkaon) gastatzeko 50 euroko bonua.
Azken eguna:  azaroak 30.
Bidali zure erantzuna gure helbidera: goierri@aek.org. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2012/11/05

Euskarazko Doodle-a ikusi nahi al duzu Euskararen Egunean?

iritzia: 
Abenduaren 3an ospatu ohi dugu Euskararen Nazioarteko Eguna eta Eusko Ikaskuntzak erronka polita jarri du martxan: Euskal Doodle-a. Doodle-a Google-n logotipoa da eta abenduaren 3an euskarari erreferentzia eginez azpiko irudian agertzen den moldaketa erakustea da asmoa. Hartara, mundu osoan izango luke presentzia gure hizkuntzak, egun horretan behintzat.Gainera, logotipoaren gainen klikatuz gero,euskarari buruzko informaziora bideratuko luke erabiltzailea.




Google-k eskari hau aintzat har dezan sinadura bilketa egiten ari dira eta dagoeneko sei mila sinaduratik gora bildu dituzte. Hementxe duzue sinatzeko aukera. Parte hartzen dutenen artean HABEko agendak eta egutegiak zozketatuko dituzte. Sinatu, beraz!


2012/10/30

Udazkeneko sukalde errezeta aurkeztu dugu Bixi-bixi irratsaioan

iritzia: 

Urteroko ohiturari jarraituz, Segura irratiko Bixi-bixi irratsaioan parte hartu dugu Goiztiri AEK-koek euskaltegien tartean. Gorka Olazabal irakasleak udazkenerako aproposa den errezeta proposatu zuen, euskarazko www.sukaldean.com webgunetik hartuta. 


Segurako EBPNaren barruan Segura Irratian asteazkenero egiten den irratsaioa da Bixi-bixi eta bere helburua eskualde mailako euskararen sustapena bultzatzea da, Segura abiapuntutzat hartuta.

Entzun Bixi-bixi Goierriko Hitzaren webgunean eta gozatu!

2012/10/24

Euskara irakasle izateko ikastaroa datorren astean hasiko da

iritzia: 
AEK-k euskara irakasle izateko ikastaroak antolatzen ditu eta hurrengoa datorren astean hasiko da. Urriaren 31tik abenduaren 21era egingo dute ikastaroa eta konbinatua izango da, hau da, aurrez aurreko bost saio izango dira --- urriaren 31n, azaroaren 16an, 23an, 30ean eta abenduaren 10ean--- eta on-line egin beharreko jarduerak e-gelaren bidez. Aurrez aurreko saioak 09:00etatik 13:30era izango dira.



Ikastaroaren prezioa 340 eurokoa da.

Informazioa gehiago nahi duenak edo izena eman nahi duenak e-posta bidali behar du e-idazkaritza@aek.org helbide elektronikora. Bestela, berriz, 639 440 615 telefono zenbakira deitu. Eman izena urriaren 26a baino lehen!

2012/10/23

Kontseiluak manifestazioa egingo du abenduaren 1ean

iritzia: 
Euskaraz bizitzeko dugun nahia nabarmendu eta kalean argi eta garbi uzteko asmoz, manifestazioa deitu du Kontseiluak abenduaren 1erako, Donostian. Euskara normalizatzeko hizkuntza-politiketan aldaketa kualitatiboak egin behar direla azpimarratuko du.


Manifestazioa iragartzeko agerraldia hilaren 30ean egingo dute Donostiako Miramar jauregian, 18:30ean.

2012/10/22

Euskara, elkarbizitzarako giltza

iritzia: 

Lorea Agirre kazetari eta EH Bilduko zerrendakideak euskarari buruzko iritzi artikulua argitaratu zuen Berrian joan den ostegunean, urriak 18. Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakia dela-eta, Urkulluk Andoaingo Kilometroetan egindako adierazpenak hartu ditu hizpide eta abiapuntu. Hementxe duzue Agirreren testua. Irakurri eta eman zuen iritzia!



2012/10/18

Gogotsu hasi dute ikasturtea ikasleek

iritzia: 

 

Urriaren lehen egunean hasi genituen euskara klaseak eta hirugarren aste honetan, jada martxa hartuta, gogotsu ari dira lanean ikasleak. Batzuk zenbakiak ikasten ari dira, beste batzuk idazlanak egiteko moduak ezagutzen, besteak atariko probekin borrokan edota aspaldiko partez euskaraz irakurtzen...Guztiak komunikaziorako bidea jorratzen, baina bakoitza bere bidean murgilduta eta pausoz pauso aurrera egiten. Zorte on denei zuen ibilbidean! Eutsi horri!







2012/10/11

Aktoreek ere bat egin dute Berriaren kanpainarekin

iritzia: 
Euskal Aktoreen Batasunak eta Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak bat egin dute Berriaren 'Zure ziztada behar dugu' kanpainarekin. Sudur gorria jantzi eta bideoa grabatu zuten maiatzaren 19an Berriaren Andoaingo erredakzioan, herriko Katramila antzerki taldearekin batera. Euskal aktoreek Berriako langileen eguneroko jarduna antzeztu zuten eta sudur gorria jantzi zuten euren gogoa eta ilusioa adierazteko. 

Hona hemen emaitza!




Irakurri albistea Berrian.

2012/10/09

Ordiziako mintzalagun egitasmoan izena eman daiteke urriaren 15era arte

iritzia: 
Mintzalagunean parte hartu nahi duenak urriaren 15era arte, astelehena, du izena emateko aukera. Horretarako Hitzaro Kultur Elkartera edo gure euskaltegira, Goiztirira, jo behar duzue epea amaitu baino lehen.

Mintzalaguna egitasmoa euskaraz mintzatzeko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko programa da. Egitasmo honek hainbat helburu ditu: euskara hobetzea, gehiagotan erabiltzea, euskaraz bizitzea, normalizazioaren alde egitea, ingurune euskalduna sortu, indartu eta zabaltzea...

Astean behin biltzen dira, ordubetez, egunerokotasunean euskaraz aritzen direnak eta euskara praktikatu nahi dutenak. Paseoan, kafetegian. parkean edo edozein lekutan elkar daitezke, eurek nahi dutena euskaraz egiteko. Asteroko hitzorduaz gain, noizean behin herriko beste mintzalagun taldeekin ere egiten dituzte irteerak, afariak, kirol ekintzak...

Informazio gehiago nahi izanez gero, Hitzaro Kultur Elkartera deitu, 943 162 366 telefono zenbakira, edota e-posta bidali hitzaro@gmail.com helbidera.


2012/09/25

Greba egingo dugu bihar

iritzia: 


Goiztiri AEK euskaltegiko kideok, irailak 26, greba deialdiarekin bat egingo dugu. Horren ondorioz, euskaltegiko ateak itxiko ditugu eta blog hau ere ez dugu eguneratuko.


2012/09/20

'Euskaraz bizi nahi dut' herri lasterketak izango dira larunbatean

iritzia: 
Irailaren 22an, larunbata, herri lasterketak egingo dira Euskal Herriko hainbat herritan 'Euskaraz bizi nahi dut' lemapean. Euskaraz bizitzeko nahia adieraziko da ekimen honen bitartez. Talde-lana sustatu nahi da, ez baitira lasterketa lehiakorrak izango, baizik eta familia giroan edota lagunartean egiteko modukoak. 


Lasterketan parte hartzeko Euskaraz bizi nahi dut  webgunean eman daiteke izena edota herrian bertan. Herriz herriko informazioa hemen topatuko duzue. 'Euskaraz bizi nahi dut' kamiseta eskuratu nahi duten haurrek 7 euro ordaindu beharko dituzte, eta bestela 2. Helduek, berriz, kamiseta nahi badute 10 euro eta bestela 5.

 Animatu, beraz, eta parte hartu lasterketan!

2012/09/11

Izena emateko epea zabalik dago

iritzia: 

2012-2013 ikasturtean Goiztiri AEK Euskaltegian euskara ikasteko matrikula epea zabalduta dago irailaren 28ra arte. Astelehenetik ostiralera izango dugu arreta zerbitzua; goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta, arratsaldez, 17:00etatik 19:30era. Ordiziako euskaltegi berrian, Behe Nafarroa eta Zuberoa kaleen artean, eta Beasaingo Urbialde Behea 7 lokalean aurkituko gaituzu.

Urtero bezala, eskaintza zabala daukagu: euskara maila guztiak, titulu homologatuak lortzeko ikastaroak, guraso taldeak, taldeentzako ikastaro bereziak, auto-ikaskuntza, online ikastaroak... Ikasle bakoitzak bere aukera egin dezake, daukan denboraren eta beharraren arabera. Hainbat ordutegi izango dituzu aukeran, goizez zein arratsaldez, eta, gainera, matrikulatzeagatik soilik, doan jasoko duzu AIZU! aldizkaria


Informazio gehiago nahi izanez gero e--posta ere bidal dezakezu ordizia@aek.org edota beasain@aek.org helbideetara. Telefonoaz deitu nahi baduzu, berriz, 943 88 91 74 (Ordizia) edota 943 88 93 40 (Beasain). Hala ere, onena Ordiziako edo Beasaingo euskaltegira hurbiltzea. 

Animatu euskara ikastera!



2012/09/05

Irene Altuna segurarrak irabazi du produktu-sorta

iritzia: 

Ordiziako Euskal Jaietako Azoka Berezian postua jarri ohi dugu urtero, eta bertako produktu-sorta zozketatzen dugu errifa erosten dutenen artean. Gaurkoa ere ez da salbuespena izan, eta Kale Nagusian, Barrena parean, izan gara postuan goizeko zortzietatik hiruretara. Bukatu orduko zozketa egin dugu eta 1287 zenbakiduna izan da saritua. 



Postua jasotzen ari ginela agertu da irabazlea: Irene Altuna ordiziar segurartua. Zorionak Irene, eta gozatu! 



Eskerrik asko zozketako txartelak erosi dituzuen guztioi, eta gogoratu datorren urtean ere bertan izango garela zuen zain!


2012/09/04

Ordiziako azokan izango gara bihar

iritzia: 
Urteroko ohiturari jarraituz, biharko Ordiziako Azoka Berezian postua jarriko dugu Goiztiri AEK-koek. Bertako produktuz betetako saskia zozketatzeko errifak salduko ditugu euro baten truke. Hainbat elikagaiz hornitutako saskia irabazteko aukera izango du errifa erosten duenak: tomatea, piper berdeak, perrexila, babarrunak, arrautzak, ogia, patatak, tipulak, kalabazinak...Gainera, saskiaz gain, AEKren arropa ere aurkituko duzu gure postuan.


                                                Iazko irabazlea sariarekin

Errifa erosteko asmoa izanez gero, Barrena parean aurkituko gaituzu, Kale nagusian, Pias tabernaren ondoan, hain zuzen ere. 

Animatu eta hurbildu!


2012/06/22

Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sariak banatu ditugu

iritzia: 

XXI. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa egin genuen atzo, Ordiziako Barrena jauregian.  Lehenik eta behin, mintzalagunen ikasturte amaierako festa izan zen bertan, eta Xebe Diez aktoreak antzerki umoretsua eskaini zuen.


Jarraian, txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa egin genuen. Legorretako ikaslea den Maruja Redondok tableta eskuratu zuen azpiko bideoan kontatzen duen 'Kulero beltzak' txisteari esker.


Aitor Calvillo Goiztiri AEK-ko kidea izan zen beste sarituetako bat. 'Corte inglesean' izeneko txisteagatik egonaldia lortu zuen Zeraingo Oiharten.



Hirugarren irabazleak Beasaingo iluntzeko taldeko ikasleak izan ziren. Hauek Urbitarte sagardotegian bost lagunentzako afaria dute zain. Azpiko bideoan ageri da taldeko ikaslea den Carlos Redondo txistea kontatzen.








Zorionak irabazleei eta mila esker parte hartu duzuen guztiei! Hurrengo urtean ere zuen txiste eta pasadizoen zain izango gara!

2012/06/21

Inaugurazioko irudiak

iritzia: 
Hementxe dituzue joan den astean Ordiziako euskaltegi berriaren inaugurazioan grabatutako irudiak. Irudi hauetan Karmele Santoyo Goiztiri AEK-ko zuzendaritzako kidea eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia ageri dira hizketan. Igor Eguren Ordiziako alkatea ere irudietan ikusiko duzue bertsotan.






Errimekin eta hitzekin jolasean jardun dute Beasainen

iritzia: 
Jendea gustura atera zen asteartean Beasaingo Igartza jauregian egindako hitz-tailerretik. 21 lagun bildu ziren tailerrean eta gustura aritu ziren hizkuntzarekin jolasean. Amaia Agirrek 'saio polita' prestatu zuen bertan bildu zirenen iritziz. 



Eztarriak berotu zituzten kantuan eta errimekin jolasean aritu ziren taldeka, nor baino nor. Bertsoaren metrika ere azaldu zien, noski, eta ondoren 'Afrikako haurrak' gaitzat hartuta, bertsoak osatu zituzten errimak emanda. 

Horretaz gain, Agirrek argi utzi zuen bertsolaritza ez dela 'tranpa' , bertsoak taula gainean sortzen direla, ez direla etxetik prestatu ekartzen. 


Konturatzerako pasa omen zitzaien denbora; hasterako bukatu zela sentitu zuten, bi orduko saioa izanda ere. Beste saio bat egiteko gogoz geratu omen ziren eta ziur asko izango da beste tailerren bat datorren ikasturtean ere.


2012/06/20

Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa izango da bihar

iritzia: 

XXI. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa izan da aurtengoa eta bihar jakinaraziko dugu zein izan diren hiru irabazleak, eta bakoitzari egokitu zaion saria emango diogu. 

Ekitaldi honetarako Ordiziako Hitzaro Euskara Elkarteak antolatutako ekintzarekin bat egin dugu. Hori dela-eta, lehendabizi, ohitura duten moduan, bertako mintzalagunek ikasturte amaierako festa egingo dute Barrenan, 18:00etan. Antzerkitxoa eskainiko dute eurek. Jarraian, 19:00ak aldera, lehiaketako sari banaketa izango dugu. Amaitzeko, oturuntza izango da.

Herritar denak gonbidatuta zaudete biharko ekitaldira. Etorri eta ezagutu irabazleen txiste eta pasadizoak!

2012/06/18

Giro ederra sortu da urteurreneko afarian

iritzia: 
 

Ostegunean lokal berria inauguratu, eta ostiralean 25.urteurrena ospatzeko afaria izan genuen Ordiziako Tximista sagardotegian. Arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera elkartu ginen Behe Nafarroa kaleko euskaltegi berrian, eta bezperan lokala ikustera gerturatu ez zirenek gure txoko berria ezagutzeko aprobetxatu zuten. 


Ondoren, Ander Matxain eta Mikel Urdangarin trikitilarien laguntzaz euskaltegitik tabernetara joan ginen, poteoan aritzeko. Handik Tximista sagardotegira joan ginen afaltzera. Afaltzeko entsalada eta oilaskoa izan genuen, eta postrean hainbat pastel dastatzeko aukera izan zen.


Giro ederra sortu zen afarian. Trikitilariek giroa alaitzea lortu zuten, eta batzuk jo eta su dantzan aritu ziren kupel ondoan eta mahaien inguruan. 25.urteurreneko ospakizunak afari honekin amaitu genituen, batzuk gaua luzatzea erabaki zuten arren.