2011/11/30

Euskarazko birao lehiaketa antolatu du Ordiziako Gazte Asanbladak

iritzia: 
Sarritan gaztelaniazko hitzak erabiltzen ditugu biraoka hastean. Hori horrela izanik, euskarazko birao lehiaketa antolatu du Ordiziako Gazte Asanbladak. Abenduaren 2tik 4ra izango da lehiaketa; hau da, ostiraletik igandera.
Lehiaketan parte hartu nahi duenak biraoa paper batean idatzi behar du bere izen-abizenak jarriz, eta tabernetan jarriko dituzten postontzietan sartu. Lehiaketako lehen bostek Goierriko Hitzaren urteko harpidetza lortuko dute.

2011/11/29

Mintzodromoa izango da Beasainen Liburu eta Disko Azokaren barruan

iritzia: 
Mintzodromoa egitasmoa antolatu da abenduaren 17an, Liburu eta Disko Azokaren barruan, euskararen kale erabilera sustatze aldera. Horretarako, karpa bat jarriko dute Gernika pasealekuan eta euskara ikasten ari den jendea euskaraz hitz egiten duen jendearekin eseriko da mahaiaren bueltan intereseko gaiez hitz egiteko.Ordubeteko bi saio izango dira, bata 17:00etan hasiko da eta bestea 18:00etan. Parte hartu nahi duenak abenduaren 3ra arte, larunbata, eman dezake izena 943 02 81 00 telefono zenbakian edo mintzalaguna@beasain.net e-posta helbidean.
Beasaingo Udalak, Udal euskaltegiak, Mintzalagun egitasmoko kideek eta Goiztiri AEK-k antolatu dute ekimen hau.

2011/11/28

Logotipo lehiaketa izango da 25.urteurrena ospatzeko

iritzia: 
Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak 25 urte beteko ditu ikasturte honetan eta, hori ospatzeko eta irudikatzeko, logo lehiaketa antolatu dugu. Lehiaketa edonori irekia dago, eta parte hartu nahi izanez gero azpian agertzen diren oinarriak eta baldintzak onartu beharko dira. Animatu eta parte hartu!

2011/11/24

Maite zaitut

iritzia: 
Pirrit eta Porrotxen abestirik ezagunena duzue Maite zaitut abestia. Honezkero, buruz jakingo duzue guztiok, ezta? Ea letra osatzeko gai zareten, lagunok!

2011/11/23

Igartubeitia museoan izan dira Beasaingo goizeko taldekoak

iritzia: 
Ezkio-Itsasoko Igartubeitia interpretazio-museoan izan ziren joan den ostegunean, azaroak 17, Beasaingo goizeko taldeko ikasleak. Goiz pasa ederra egin zuten eta euskaltegiko eta blogeko irakurleoi bertan ikusitakoa kontatu nahi izan digute azpiko testuaren bitartez. Irakurri eta ea zer iruditzen zaizuen!
Beasaingo goizeko taldeko ikasleak.
Museoko gida azalpenak ematen.
Baratzako uzta sartzeko kutxak.
Igartubeitia baserria
View more documents from goiztiriaekgoierri.

2011/11/22

Euskara Iruditan mosaikoan parte hartzeko aukera duzue

iritzia: 
Euskararen Nazioarteko Eguna izango da datorren astean eta, egun hori gogoan izanez, Euskara Iruditan izeneko ekimena jarri du martxan Donostiako Euskararen Udal Patronatuak. Argazki mosaiko erraldoia eraiki nahi dute, anitza bezain deigarria eta herritarrekin elkarlanean, euskararen erabileran izandako bilakaera iruditan jasoz. Euskarak historian, norberaren bizipenean, hirian, gizartean...izan duen eta duen presentzia irudikatu nahi dute, azken finean.
Londresen ere euskararen alde (Mosaikoko argazkia)
Norberak kargatu dezake bere irudia Guk ere euskaraz izeneko webgunean. Irudiaren edukia edonolakoa izan daiteke. Baldintza bakarra irudiak norbera euskararekin lotzen duen esanahi berezia izatea da eta irudiarekin batera lotura hori azaltzea 103 karakteretan, asko jota.
Animatu eta parte hartu mosaikoan!

2011/11/21

Euskara Batzordearen lehen bilera etzi izango da Ordizian

iritzia: 
Ordiziako Udal Batzordeak aste honetan jarriko dituzte martxan, lehen bilerak eginez. Euskara Batzordea etzi, azaroak 23, bilduko da eta edozein herritarri zabalduta dago bertara joateko gonbita, euren ideiak, kezkak eta proposamenak elkarbanatu ahal izateko. Lehen bileran batzordearen egituraketa eta funtzioak zehaztuko dituzte. Horretaz gain, EBPNeaz hitz egingo dute eta baita Erabilera Planaz ere. Azkenik, bertaratzen direnentzako tartea izango da,bileran aipatu ez den beste zerbait gaineratu ahal izateko. Batzordean parte hartzeko interesa dutenek Ordiziako Udaleko Batzar Aretora jo beharko dute asteazkenean, 19:00etan. Animatu eta parte hartu!

2011/11/17

Beasaingo arratsaldeko taldeak ipuin pre-erotikoak entzun ditu Lazkaon

iritzia: 
Beasaingo arratsaldeko taldeko ikasleak Lazkaon izan ziren asteartean Joxe Mari Carrerek kontatutako ipuin pre-erotikoak entzuteko. Ikasleek Gerriko Txokoan bizi izan zutenari buruzko kronika idatzi dute. Hona hemen lehen kronika:

Atzo, azaroak 15, 18:45ean Lazkaoko Gerriko Txokora joan ginen Beasaingo Goiztiri AEK euskaltegiko ikasleak, ipuin kontalaria ikustera.

Kontalaria Joxemari Carrere izan zen eta txokoa beteta zegoen; 40 pertsona baino gehiago zeuden, gehienak euskara ikasten ari garen ikasleak ginen.

Kontatu zituen istorioak pre-erotikoak izan ziren. Kontalariak metaforen bidez eta bere eskuen eta aurpegiko keinuekin pre-erotismoaren definizioa transmititu zigun. Gizon horrek erraztasun handia zeukan jendearengana ailegatzeko.

Oso gustura egon ginen eta hurrengo hitzaldira joatea gustatuko litzaiguke Segurara Iñaki Perurenari entzutera.

Bigarren kronika:

Atzo azaroaren 15ean arratsaldeko 18:45ean Lazkaoko Gerriko Txokoan hitzaldi bat antolatu zuten Goierriko Kultur Zirkuitoaren barruan, “Maitasun arbola ipuin pre erotikoak” izenarekin. Joxepa eta Inaxio egon ziren antolatzaile aldetik eta hizlaria Joxe Mari Carrere Zabala izan zen. Berrogeita hamar entzule egon ginen eta gehienak Maizpideko eta AEK euskaltegiko ikasleak ginen.

Hizlaria oso gertukoa eta atsegina izan zen. Bi hitz aipatu zituen: erotikoa eta pornografikoa. Azkenean esan zuen erotikoa sexua zela eta sexuari buruzko ipuinak kontatuko zituela. Eta sexuari buruzko hainbat ipuin kontatu zizkigun; hasieratik hasi, Adanekin jarraitu eta zuhaitzaren ipuinarekin bukatu zuen.

Hitzaldiak iraun zuen bitartean aipatu zituen masturbazioa, zakil txiki eta handiak, penetrazioa zenbat aldiz, etab.

Gu oso gustura egon ginen, barre asko egin genuen. Bera oso espresiboa izan zen, asko mugitzen zituen gorputza eta eskuak, azalpenak hobeto ulertarazteko.

2011/11/16

Postal-lehiaketa martxan da

iritzia: 
Urtero bezala postal-lehiaketa antolatu du Goiztiri AEK-k Ordiziako Udalarekin elkarlanean. Jakintza eta Urdaneta ikastetxetako ikasleek hartuko dute parte lehiaketan. Azpian dauzkazue lehiaketako baldintzak. Animatu eta parte hartu, gaztetxoak!

Goierriko Kastakoen azaroko testua

iritzia: 
Goierriko Kastakoekin dugun elkarlanarekin jarraituz, hilabete honetan ere irakurtzeko testu berri bat izango dugu. Azaroko testua egiteaz Juan Mari Apaolaza Estensoro zeraindarra arduratu da. Apaolaza Zerainen jaio zen 1964ean eta Bergarako Idazle Eskolan ikasi zuen. Egunkarietan, aldizkarietan eta beste hainbat lekutan erein du idazketaren hazia. Irakurri bere testua eta lagundu ereindako hazia zabaltzen!

2011/11/15

Igartubeitia museora joango dira euskaltegiko ikasleak

iritzia: 
Goiztiri AEK-ko irakasle eta ikasleek irteera antolatu dute Ezkio-Itsasoko Igartubeitia museora joateko. Ostegunean, azaroak 17, joango dira goizeko hamarretan eta interpretazio zentroa ezagutuko dute. Museora joateko interesa duen orok mezua bidal dezala beasain@aek.org helbidera edo 943 88 93 40 telefono zenbakira deitu. Igartubeiti museora sartzeko sarrerak euro bat balio du. Animatu, beraz!

2011/11/14

Ormaiztegiko ikasleak Mendi Asteko 'Bolivia' hitzaldian izan dira

iritzia: 
Unai Lete eta Eneko Mugika ormaiztegiarrak
Ormaiztegin mendi astea ospatu zuten azaroaren 7tik 13ra, eta joan den ostegunean bertako ikasleak Unai Lete eta Eneko Mugikaren ikus-entzunezko hitzaldian izan ziren. Lete eta Mugika ormaiztegiarrek udan Boliviara egindako bidaia kontatu zuten kultur etxeko areto nagusian. Boliviako hainbat mendi igo zituzten eta bizitako abenturen berri eman zieten bertaratu ziren herritar eta ikasleei. Gure ikasleek arreta handiz jarraitu zuten hitzaldia, eta irudi eta istorio ederrez gozatzeko aukera izan zuten.
Ormaiztegiko ikasleak pozik hitzaldiaren ondoren

Zen aholku gehiagoren berri eman dute on-line zerbitzukoek

iritzia: 
E-uskaltegia on-line zerbitzuko kideek aholkuak ematen jarraitzen dute eta beste bi bideo prestatu dituzte ikasleentzat. Ea gustatzen zaizkizuen!

2011/11/09

Bixi-bixi irratsaioa entzuteko aukera izango da blogean

iritzia: 

Gaurtik aurrera Bixi-bixi irratsaioko entzuteko moduan izango dira AEK-ko ikasleak eta blogaren jarraitzaileak. Segurako EBPNaren barruan Segura Irratian asteazkenero egiten den irratsaioa da Bixi-bixi eta bere helburua eskualde mailako euskararen sustapena bultzatzea da, Segura abiapuntutzat hartuta.

Albistearen azpian duzuena 2011ko urriaren 5ean egindako saioa da, ikasturte honetako lehena.Hainbat gai izan zituzten hizpide irratsaioan: Euskadi Sariak eta Joseba Sarrionandia, Martin Ugalde, Juan Jose Alkain Irutegoiena...Segurako alkatea den Eluska Gerriko eta Asier Alustiza Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzia ere izan ziren euren kargu berrie buruz hizketan. Astero bezala, herrietako ekitaldien berri eman zuten eta Mintzalagun egitasmoa eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ere aipatu zituzten, besteak beste.

Bixi-bixi irratsaioa (2011ko urriak 5) by Goiztiriaekgoierri

Asteazkenero 12:15etik 13:15era izaten da saioa FMko 89.2an. Errepikapenak, berriz, ostegunetan 19:00etatik 20:00etara eta igandetan 8:00etatik 9:00etara izaten dira. Astez aste blogean zintzilikatuko dugu saioa zuzenean entzun ezin dutenek edo berriz entzun nahi dutenek nahi dutenean entzun dezaten. Entzun ba, Bixi-bixi!

2011/11/07

Aholku gehiago ditugu euskara ikasleentzat

iritzia: 
E-uskaltegiko on-line zerbitzuko kideek aholkuekin jarraitzen dute eta beste bideo batzuk prestatu dituzte gomendio horiek irudikatzeko. Ikusi eta ikasi, beraz!

2011/11/03

Euskaltegiko bi ikasle izan dira lehiaketako irabazleak

iritzia: 
Urriko lehiaketan Idiazabalgo saiorako bi sarrera zozketatu genituen eta Goiztiri AEK-ko bi ikaslek eskuratu zuten sari preziatua. Beasaingo goizeko taldeak Txapi ezizeneko bertsolari goierritarra Iker Zubeldia dela asmatu zuen, eta zorteak euren alde egin zuen. Bi sarrera soilik genituenez ezin izan zuten ikasle guztiek joan, eta, azkenik, Makulik eta Patxik izan zuten bertsoez gozatzeko aukera. Lehenengo bertso saioa zuten biek ala biek ere, baina "asko gozatu" zutela nabarmendu dute. Elkarri lagundu zioten bertsoak ulertzen, itzulpen lanak eginez tarteka, baina hori ez zen oztopo izan une gogoangarria bizitzeko. Hunkitu ere egin omen ziren behin baino gehiagotan, "oilo ipurdia" sortuz azalean. "Errepikatzeko moduko esperientzia" izan dela aipatu dute biek.

Pozten gara gure ikasleek esperientziaz gozatu izanaz eta euskal kulturaren zati den bertsolaritzaz zerbait gehiago ikusi eta ikasi izanaz. Gogorazi nahi diegu Makuli eta Patxiri, eta beste guztiei, oraindik badela G-puntuaz gozatzeko aukera! Igandean, esaterako, bi goierritar izango ditugu kantuan Azpeitiako kanporaketan: Iker Zubeldia 'Txapi' eta Iñaki Apalategi. Animatu, beraz!

Bien bitartean gozatu Idiazabalgo saioaren laburpenarekin.