2011/12/23

Eguberri on, EUSKALAKARIOK!

iritzia: 

Gabonetako postal lehiaketak baditu irabazleak

iritzia: 
Gabonetako postal lehiaketako sari banaketa  egin zen atzo, abenduak 22, Barrena jauregian.
Ordiziako Jakintza Ikastola eta Urdaneta-Oianguren ikastetxeetako 5, 6 eta DBH1 mailetako
ikasleak izan ziren protagonista.  Goiztiri AEK-k antolatzen duen Eguberrietako postal
lehiaketaren irabazleak jarraian datozen hauek izan dira.

A) POSTAL LEHIAKETA: 5, 6 eta DBH1eko ikasleei zuzendua. Bi ikastetxeek hiruna sari. Gaiak Euskal Herriko Eguberri edota Gabonekin lotura izan du.

+ Jakintza Ikastola:

  • 1. saria: SAIOA ARREGI (DBH1)

  • 2. saria: AINARA ZUBELDIA (DBH1)

  • 3. saria: LEIRE URDANGARIN (5.A)

  • Urdaneta-Oianguren Ikastetxea:
  • 1. saria:LIDE ERBINA (6.MAILA)

  • 2. saria: ARKAITZ PEÑALVER (?)

  • 3. saria: OMAR RODRIGUEZ (DBH 1)

Lehiaketan parte hartutako postalekin erakusketa egingo da Barrena jauregian urtarrilaren 9ra arte. Joan, ikusi eta gozatu!

2011/12/22

Gabonak, neguko solstizioa.

iritzia: 
Neguko solstizioarekin loturik hainbat errito daude Euskal Herriko tradizioen artean, hala nola gabon zuzia, Eguberritan etxeko suan erretzen den enborra. Antzina, animaliak araztu egiten ziren enbor horren gainetik igaroaraziz. Are Eguberriaren izena ere eguzkiaren jaiotzaren ideiarekin loturik dago. Gabonetan, eguzkia bere punturik baxuenera iristen da, zerumugan, eta une horretatik bertatik hasten dira egunak luzatzen. Ezagutzen ditugun kultura guztiek ospatu dute eguzkiaren etorrera-errituekin, eta, kasu askotan, gaur egun arte iraun dute. Eguzkiaren etorrerarekin, herriek lurraren emankortasun garaiaren etorrera ospatzen dute. Egun horietan ospatutako errituetan, hildako senitartekoei, biziak zaintzeko eskatzen zieten. Kultura askotan, Gabonetan eguzkia gurtzen da, su handiak piztuz. Erritu horiek guztiak, egun, Euskal Herrian bezalaxe, kristautasunak izan zuen eraginaren ondorioz, egin zuenaren ondorioz, paganismoaren eta kristautasunaren nahasketa dira. Ez ditzagun ohitura zaharrak ahaztu!

2011/12/21

Nik euskaraz bizi nahi dut! Eta zuk?

iritzia: 
Filosofia horri jarraiki, arlo askotako jendea ari da bere ekarpena egiten. Batzuek, ekintza ezagunagoak burutuz, hala nola, Esne Beltzak sortu duen kanta edota hogeita bat euskal idazleren artean osatu duten liburua. Beste batzuek, hainbeste oihartzun ez dute, ekimen apalagoen bidez ari dira, baina guztion beharra dago. Izan ere, euskaraz bizitzeko nahia agertzeko moduak hamaika izanagatik, hamaika dira ere euskaraz bizitzeko hautua gauzatzeko erak. Zein da zurea? Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak pasa den urriaren 28an aurkeztu zuen Euskaraz bizi nahi dut dinamika Donostiako Doka Kafe Antzokian. Dena dela, udan zehar hainbat eta hainbat izan dira abian jarri eta euren ekimenak aurretik burutu dituztenak. Euskaraz bizitzearen nahia aldarrikatzea du helburu aipatu dinamikak, zelan eta euskararen aldeko eragile guztiak nola edo hala zipriztinduz. Hortaz, euskaraz bizi nahi duen orok ekarpena egitea da bere baitan jasotzen duen filosofia.

2011/12/20

Literatura tertuliako 11. saioa burutu zuten Seguran.

iritzia: 
Berezia izan zuten, liburu azoka aitzakia, beronen egitarauaren barruan txertatua zegoen tertulia. Goizalde Landabaso bilbotarra izan zuten Botikaxahar kulturgunean eta bere “Bränskint” ipuin bilduma liburua mintzagai. Ordu eta erdiko solasaldi aberatsa izan zen eta besteak beste, argitu zizkien Goizaldek, liburuaren izenburuaren nondik norakoak; zergatik ipuinak, nola eraikitzen doan hiria eta baita zergatik iluntasun bere ipuin-poemetan. 12.ena martxo amaieran egingo dute. Abenduaren 27an, Gospel kontzertua ere burutuko dute Seguran, arratsaldeko 7etan mojen komentuan. Errepertorioko abesti gehienak euskaraz kantatuko dituzte.

2011/12/19

22.Euskal Liburu eta disko azokan jende andana.

iritzia: 
22.Euskal Liburu eta disko azokara jende ugari hurbildu da asteburuan. Beasaingo Goiztiri AEK Euskaltegiak eta Udalak elkarlanean antolaturiko 22. Liburu eta disko azoka, ostiralean ireki, eta atzo, igandea, itxi zen. AEK zein Udalarekin batera Beasaingo hainbat elkarte eta eragilek haur, gazte zein helduei zuzenduriko egitarau sendoa eskaini dute. Azoka Gernika pasealekuko pilotalekuan izan da. Euskal liburu, disko eta joko ugari saldu da bertan, heldu, gazte zein umeentzako.

2011/12/14

Zen aholku gehiagoren berri eman dute on-line zerbitzukoek.

iritzia: 
E-uskaltegiko on-line zerbitzuko kideek aholkuak ematen jarraitzen dute eta beste bi bideo prestatu dituzte ikasleentzat. Ea gustatzen zaizkizuen! Eta...

2011/12/11

22.liburu eta disko azoka Beasainen datorren asteburuan.

iritzia: 
Beasaingo ELEDA liburu eta disko azoka abenduaren 16tik 18ra bitartean burutuko da Gernika pasealekuko frontoian. Euskaraz argitaraturiko produktuen azoka ostiralean hasiko da Beasainen. Beasaingo Goiztiri AEK Euskaltegiak eta Udalak elkarlanean antolaturiko 22. Liburu Azoka izango da. AEK zein Udalarekin batera Beasaingo hainbat elkarte eta eragilek haur, gazte zein helduei zuzenduriko egitarau sendoa prestatu dute. Azoka Gernika pasealekuko pilotalekuan izango da igandera arte. EGITARAUA:
  • Abenduak 16, ostirala:
- Goiza: ikastetxeetako bisitak - Arratsaldea:
  • 18:30 Irekiera ekitaldia: Aurtzaka, Bertso eskolako ikasleak...
  • 20:00 Igartzako jauregian "Eta orain badakit Itsaso kontra bat" hitz, musika eta irudizko poesia irakurketa.
Abenduak 17 Larunbata - Goiza:
  • 13:00 Udal Musika Eskolako Trikitilariak
- Arratsaldea:
  • 17: 00 Mintzodromoa
  • 19:00 Iruñeako erraldoiak eta gaztaina erreak
Abenduak 18 Igandea - Goiza:
  • 12:30 Migel Angel Mintegiren Heriotza zuriz jantzita liburuaren aurkezpena
  • 13:00 Kantujira

2011/12/05

Iñaki Perurenaren hitzaldian izan dira Beasaingo arratsaldeko taldekoak

iritzia: 

AEK euskaltegiko Beasaingo iluntzeko taldeko ikasleak Seguran izan ziren ostegunean Iñaki Perurena harri jasotzailearen “Harri eta herri” izenburupeko hitzaldia entzuten. Perurenak, besteak beste, harriarekin egindako bere lorpenak izan zituen ahotan, bere bizipenak tartekatuz. Harriek bere bizitzan izan duten lekua eta esanahia azaldu zituen, hizkera fresko eta naturalez, jendez betetako kultur etxeko areto nagusian.

Goierriko Kultur Zirkuituaren baitan antolatutako ekimena izan zen ostegunean Seguran egindakoa.

2011/12/01

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat ekitaldi izango dira eskualdean

iritzia: 
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da etzi, abenduak 3, eta hori aitzakitzat hartuta
hainbat ekitaldi antolatu dituzte asteburuan Goierrin. Ordizian Hitzarok biharko antolatu ditu ekitaldiak herriko enparantza nagusian. Gaztaina jana egingo dute 18:00etan eta 19:00etan kantu jira egingo dute Larrun Arri elkarteko kideen laguntzaz. Itsasondon kantu afaria egingo dute bihar Arbelaitz elkartean. Larunbatean, ipuin kontalaria ariko da Gaztelekuan 17:00etan, eta 18:00etan trikitilariak ibiliko dira plazan. Azkenik, 19:30ean, talo jana egingo dute. Seguran, berriz, Euskararen Nazioarteko Eguna eta Gazte Asanbladaren II.urteurrena ospatuko dute. Azpian duzue egitaraua.

Igogailu barruko istorioa

iritzia: 
Goierriko Kastako kideek testuak sortzen jarraitzen dute, eta abenduan Joseba Zubizarreta Urbizuren kontakizunaz gozatzeko aukera daukagu. Zubizarreta zegamarra da jaiotzez eta Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen Bartzelonan. Geroztik ingeniari lanetan aritu da. Gaztetan sariren bat edo beste irabazitakoa dugu zegamarra eta helduagotan ere lortu ditu beste pare bat. Abenduko testu honetan igogailua aukeratu du istorioa kokatzeko. Zer gertatuko ote da igogailuaren barruan? Irakurri eta jakingo duzue!

2011/11/30

Euskarazko birao lehiaketa antolatu du Ordiziako Gazte Asanbladak

iritzia: 
Sarritan gaztelaniazko hitzak erabiltzen ditugu biraoka hastean. Hori horrela izanik, euskarazko birao lehiaketa antolatu du Ordiziako Gazte Asanbladak. Abenduaren 2tik 4ra izango da lehiaketa; hau da, ostiraletik igandera.
Lehiaketan parte hartu nahi duenak biraoa paper batean idatzi behar du bere izen-abizenak jarriz, eta tabernetan jarriko dituzten postontzietan sartu. Lehiaketako lehen bostek Goierriko Hitzaren urteko harpidetza lortuko dute.

2011/11/29

Mintzodromoa izango da Beasainen Liburu eta Disko Azokaren barruan

iritzia: 
Mintzodromoa egitasmoa antolatu da abenduaren 17an, Liburu eta Disko Azokaren barruan, euskararen kale erabilera sustatze aldera. Horretarako, karpa bat jarriko dute Gernika pasealekuan eta euskara ikasten ari den jendea euskaraz hitz egiten duen jendearekin eseriko da mahaiaren bueltan intereseko gaiez hitz egiteko.Ordubeteko bi saio izango dira, bata 17:00etan hasiko da eta bestea 18:00etan. Parte hartu nahi duenak abenduaren 3ra arte, larunbata, eman dezake izena 943 02 81 00 telefono zenbakian edo mintzalaguna@beasain.net e-posta helbidean.
Beasaingo Udalak, Udal euskaltegiak, Mintzalagun egitasmoko kideek eta Goiztiri AEK-k antolatu dute ekimen hau.

2011/11/28

Logotipo lehiaketa izango da 25.urteurrena ospatzeko

iritzia: 
Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak 25 urte beteko ditu ikasturte honetan eta, hori ospatzeko eta irudikatzeko, logo lehiaketa antolatu dugu. Lehiaketa edonori irekia dago, eta parte hartu nahi izanez gero azpian agertzen diren oinarriak eta baldintzak onartu beharko dira. Animatu eta parte hartu!

2011/11/24

Maite zaitut

iritzia: 
Pirrit eta Porrotxen abestirik ezagunena duzue Maite zaitut abestia. Honezkero, buruz jakingo duzue guztiok, ezta? Ea letra osatzeko gai zareten, lagunok!

2011/11/23

Igartubeitia museoan izan dira Beasaingo goizeko taldekoak

iritzia: 
Ezkio-Itsasoko Igartubeitia interpretazio-museoan izan ziren joan den ostegunean, azaroak 17, Beasaingo goizeko taldeko ikasleak. Goiz pasa ederra egin zuten eta euskaltegiko eta blogeko irakurleoi bertan ikusitakoa kontatu nahi izan digute azpiko testuaren bitartez. Irakurri eta ea zer iruditzen zaizuen!
Beasaingo goizeko taldeko ikasleak.
Museoko gida azalpenak ematen.
Baratzako uzta sartzeko kutxak.
Igartubeitia baserria
View more documents from goiztiriaekgoierri.

2011/11/22

Euskara Iruditan mosaikoan parte hartzeko aukera duzue

iritzia: 
Euskararen Nazioarteko Eguna izango da datorren astean eta, egun hori gogoan izanez, Euskara Iruditan izeneko ekimena jarri du martxan Donostiako Euskararen Udal Patronatuak. Argazki mosaiko erraldoia eraiki nahi dute, anitza bezain deigarria eta herritarrekin elkarlanean, euskararen erabileran izandako bilakaera iruditan jasoz. Euskarak historian, norberaren bizipenean, hirian, gizartean...izan duen eta duen presentzia irudikatu nahi dute, azken finean.
Londresen ere euskararen alde (Mosaikoko argazkia)
Norberak kargatu dezake bere irudia Guk ere euskaraz izeneko webgunean. Irudiaren edukia edonolakoa izan daiteke. Baldintza bakarra irudiak norbera euskararekin lotzen duen esanahi berezia izatea da eta irudiarekin batera lotura hori azaltzea 103 karakteretan, asko jota.
Animatu eta parte hartu mosaikoan!

2011/11/21

Euskara Batzordearen lehen bilera etzi izango da Ordizian

iritzia: 
Ordiziako Udal Batzordeak aste honetan jarriko dituzte martxan, lehen bilerak eginez. Euskara Batzordea etzi, azaroak 23, bilduko da eta edozein herritarri zabalduta dago bertara joateko gonbita, euren ideiak, kezkak eta proposamenak elkarbanatu ahal izateko. Lehen bileran batzordearen egituraketa eta funtzioak zehaztuko dituzte. Horretaz gain, EBPNeaz hitz egingo dute eta baita Erabilera Planaz ere. Azkenik, bertaratzen direnentzako tartea izango da,bileran aipatu ez den beste zerbait gaineratu ahal izateko. Batzordean parte hartzeko interesa dutenek Ordiziako Udaleko Batzar Aretora jo beharko dute asteazkenean, 19:00etan. Animatu eta parte hartu!

2011/11/17

Beasaingo arratsaldeko taldeak ipuin pre-erotikoak entzun ditu Lazkaon

iritzia: 
Beasaingo arratsaldeko taldeko ikasleak Lazkaon izan ziren asteartean Joxe Mari Carrerek kontatutako ipuin pre-erotikoak entzuteko. Ikasleek Gerriko Txokoan bizi izan zutenari buruzko kronika idatzi dute. Hona hemen lehen kronika:

Atzo, azaroak 15, 18:45ean Lazkaoko Gerriko Txokora joan ginen Beasaingo Goiztiri AEK euskaltegiko ikasleak, ipuin kontalaria ikustera.

Kontalaria Joxemari Carrere izan zen eta txokoa beteta zegoen; 40 pertsona baino gehiago zeuden, gehienak euskara ikasten ari garen ikasleak ginen.

Kontatu zituen istorioak pre-erotikoak izan ziren. Kontalariak metaforen bidez eta bere eskuen eta aurpegiko keinuekin pre-erotismoaren definizioa transmititu zigun. Gizon horrek erraztasun handia zeukan jendearengana ailegatzeko.

Oso gustura egon ginen eta hurrengo hitzaldira joatea gustatuko litzaiguke Segurara Iñaki Perurenari entzutera.

Bigarren kronika:

Atzo azaroaren 15ean arratsaldeko 18:45ean Lazkaoko Gerriko Txokoan hitzaldi bat antolatu zuten Goierriko Kultur Zirkuitoaren barruan, “Maitasun arbola ipuin pre erotikoak” izenarekin. Joxepa eta Inaxio egon ziren antolatzaile aldetik eta hizlaria Joxe Mari Carrere Zabala izan zen. Berrogeita hamar entzule egon ginen eta gehienak Maizpideko eta AEK euskaltegiko ikasleak ginen.

Hizlaria oso gertukoa eta atsegina izan zen. Bi hitz aipatu zituen: erotikoa eta pornografikoa. Azkenean esan zuen erotikoa sexua zela eta sexuari buruzko ipuinak kontatuko zituela. Eta sexuari buruzko hainbat ipuin kontatu zizkigun; hasieratik hasi, Adanekin jarraitu eta zuhaitzaren ipuinarekin bukatu zuen.

Hitzaldiak iraun zuen bitartean aipatu zituen masturbazioa, zakil txiki eta handiak, penetrazioa zenbat aldiz, etab.

Gu oso gustura egon ginen, barre asko egin genuen. Bera oso espresiboa izan zen, asko mugitzen zituen gorputza eta eskuak, azalpenak hobeto ulertarazteko.

2011/11/16

Postal-lehiaketa martxan da

iritzia: 
Urtero bezala postal-lehiaketa antolatu du Goiztiri AEK-k Ordiziako Udalarekin elkarlanean. Jakintza eta Urdaneta ikastetxetako ikasleek hartuko dute parte lehiaketan. Azpian dauzkazue lehiaketako baldintzak. Animatu eta parte hartu, gaztetxoak!

Goierriko Kastakoen azaroko testua

iritzia: 
Goierriko Kastakoekin dugun elkarlanarekin jarraituz, hilabete honetan ere irakurtzeko testu berri bat izango dugu. Azaroko testua egiteaz Juan Mari Apaolaza Estensoro zeraindarra arduratu da. Apaolaza Zerainen jaio zen 1964ean eta Bergarako Idazle Eskolan ikasi zuen. Egunkarietan, aldizkarietan eta beste hainbat lekutan erein du idazketaren hazia. Irakurri bere testua eta lagundu ereindako hazia zabaltzen!

2011/11/15

Igartubeitia museora joango dira euskaltegiko ikasleak

iritzia: 
Goiztiri AEK-ko irakasle eta ikasleek irteera antolatu dute Ezkio-Itsasoko Igartubeitia museora joateko. Ostegunean, azaroak 17, joango dira goizeko hamarretan eta interpretazio zentroa ezagutuko dute. Museora joateko interesa duen orok mezua bidal dezala beasain@aek.org helbidera edo 943 88 93 40 telefono zenbakira deitu. Igartubeiti museora sartzeko sarrerak euro bat balio du. Animatu, beraz!

2011/11/14

Ormaiztegiko ikasleak Mendi Asteko 'Bolivia' hitzaldian izan dira

iritzia: 
Unai Lete eta Eneko Mugika ormaiztegiarrak
Ormaiztegin mendi astea ospatu zuten azaroaren 7tik 13ra, eta joan den ostegunean bertako ikasleak Unai Lete eta Eneko Mugikaren ikus-entzunezko hitzaldian izan ziren. Lete eta Mugika ormaiztegiarrek udan Boliviara egindako bidaia kontatu zuten kultur etxeko areto nagusian. Boliviako hainbat mendi igo zituzten eta bizitako abenturen berri eman zieten bertaratu ziren herritar eta ikasleei. Gure ikasleek arreta handiz jarraitu zuten hitzaldia, eta irudi eta istorio ederrez gozatzeko aukera izan zuten.
Ormaiztegiko ikasleak pozik hitzaldiaren ondoren

Zen aholku gehiagoren berri eman dute on-line zerbitzukoek

iritzia: 
E-uskaltegia on-line zerbitzuko kideek aholkuak ematen jarraitzen dute eta beste bi bideo prestatu dituzte ikasleentzat. Ea gustatzen zaizkizuen!

2011/11/09

Bixi-bixi irratsaioa entzuteko aukera izango da blogean

iritzia: 

Gaurtik aurrera Bixi-bixi irratsaioko entzuteko moduan izango dira AEK-ko ikasleak eta blogaren jarraitzaileak. Segurako EBPNaren barruan Segura Irratian asteazkenero egiten den irratsaioa da Bixi-bixi eta bere helburua eskualde mailako euskararen sustapena bultzatzea da, Segura abiapuntutzat hartuta.

Albistearen azpian duzuena 2011ko urriaren 5ean egindako saioa da, ikasturte honetako lehena.Hainbat gai izan zituzten hizpide irratsaioan: Euskadi Sariak eta Joseba Sarrionandia, Martin Ugalde, Juan Jose Alkain Irutegoiena...Segurako alkatea den Eluska Gerriko eta Asier Alustiza Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzia ere izan ziren euren kargu berrie buruz hizketan. Astero bezala, herrietako ekitaldien berri eman zuten eta Mintzalagun egitasmoa eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ere aipatu zituzten, besteak beste.

Bixi-bixi irratsaioa (2011ko urriak 5) by Goiztiriaekgoierri

Asteazkenero 12:15etik 13:15era izaten da saioa FMko 89.2an. Errepikapenak, berriz, ostegunetan 19:00etatik 20:00etara eta igandetan 8:00etatik 9:00etara izaten dira. Astez aste blogean zintzilikatuko dugu saioa zuzenean entzun ezin dutenek edo berriz entzun nahi dutenek nahi dutenean entzun dezaten. Entzun ba, Bixi-bixi!

2011/11/07

Aholku gehiago ditugu euskara ikasleentzat

iritzia: 
E-uskaltegiko on-line zerbitzuko kideek aholkuekin jarraitzen dute eta beste bideo batzuk prestatu dituzte gomendio horiek irudikatzeko. Ikusi eta ikasi, beraz!

2011/11/03

Euskaltegiko bi ikasle izan dira lehiaketako irabazleak

iritzia: 
Urriko lehiaketan Idiazabalgo saiorako bi sarrera zozketatu genituen eta Goiztiri AEK-ko bi ikaslek eskuratu zuten sari preziatua. Beasaingo goizeko taldeak Txapi ezizeneko bertsolari goierritarra Iker Zubeldia dela asmatu zuen, eta zorteak euren alde egin zuen. Bi sarrera soilik genituenez ezin izan zuten ikasle guztiek joan, eta, azkenik, Makulik eta Patxik izan zuten bertsoez gozatzeko aukera. Lehenengo bertso saioa zuten biek ala biek ere, baina "asko gozatu" zutela nabarmendu dute. Elkarri lagundu zioten bertsoak ulertzen, itzulpen lanak eginez tarteka, baina hori ez zen oztopo izan une gogoangarria bizitzeko. Hunkitu ere egin omen ziren behin baino gehiagotan, "oilo ipurdia" sortuz azalean. "Errepikatzeko moduko esperientzia" izan dela aipatu dute biek.

Pozten gara gure ikasleek esperientziaz gozatu izanaz eta euskal kulturaren zati den bertsolaritzaz zerbait gehiago ikusi eta ikasi izanaz. Gogorazi nahi diegu Makuli eta Patxiri, eta beste guztiei, oraindik badela G-puntuaz gozatzeko aukera! Igandean, esaterako, bi goierritar izango ditugu kantuan Azpeitiako kanporaketan: Iker Zubeldia 'Txapi' eta Iñaki Apalategi. Animatu, beraz!

Bien bitartean gozatu Idiazabalgo saioaren laburpenarekin.

2011/10/28

Mintzalaguna egitasmoa aurkeztu dute Beasainen

iritzia: 
Mintzalaguna egitasmoaren berri eman zuten atzo, 18:30ean, Beasaingo Igartza jauregian. Egitasmo honen helburua herritarrengan euskaraz hitz egiteko ohitura sortzea da. Horretarako, astean behin biltzen dira taldekideak toki jakin batean mintzapraktika egiteko. Koldo Agirre alkateak Beasainen"herritarren erdia baino gehiago euskalduna dela" nabarmendu zuen eta beste zenbaitzuk "ulertu ere egiten dutela". Hori dela-eta, hitz egiteko pausoa ematen lagundu nahi die herritar horiei Beasaingo Udalak, Udal Euskaltegiak eta Goiztiri AEK-k.

Antolatzaileez gain, Igartza jauregian bildu ziren ikasturte honetan mintza-jardunetan parte hartuko duten lagunak. Aurreko urtetan mintzalagun izandako batek bere esperientziaren berri ere eman zuen. Horren ondoren, diapositiba bat erakutsi zuten egitasmoaren berri emateko. Azkenik, askaria izan zuten eta taldeko argazkia atera zuten jauregiaren kanpoan.

Mintzalagunean parte hartu nahi dutenek badute oraindik aukera. Interesa duenak Beasaingo AEK-k Urbialde plaza azpian duen egoitzara, Udal Euskaltegiak Jose Migel Iturriotz kalean duenera edo Beasaingo Euskara Sailera jo dezake.

Mintzalaguna Beasain 2011-2012

Irakurri albistea Goierriko Hitzan.

Ikusi albistea Goierri Telebistan.

2011/10/27

Mintzalaguna egitasmoaren aurkezpena izango da gaur Beasainen

iritzia: 
Beasaingo Igartza jauregian aurkeztuko dute gaur Mintzalagun egitasmoa arratsaldeko sei eta erdietan. Egitasmo honen helburua herritarrei euskaraz hitz egiteko aukera ematea da, euskara erabiltzeko ohitura hartzea, alegia. Horretarako herritar horiek euren egunerokotasunean euskaraz hitz egiten duten lagunekin elkartuko dira astean ordubetez taldeak aukeratutako tokian. Beasaingo Udalak, Udal euskaltegiak eta Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak antolatzen dute egitasmo hau. Mintzalaguneko iazko partaideak. (Irudia: Goierriko Hitza)

2011/10/24

Zaindu maite duzun hori

iritzia: 
Ruper Ordorikak ostegunean aurkeztuko du disko berria, 'Hodeien azpian' izenekoa, eta abagune hau aprobetxatuz bere kanta ezagun bat dakarkigu hona. Saia zaitezte bideoa ikusiz eta entzunez letraren hutsuneak betetzen. Gozatu!

2011/10/19

Euskara ikasleentzako beste aholku bat dugu

iritzia: 
E-uskaltegia online zerbitzuko lagunek hirugarren bideoa prestatu dute ikasleei laguntzen jarraitzeko. Hauxe duzue 'zen' aholku berria: Hasi, beraz, igeri egiten!

2011/10/17

Goierriko Kastako lanak Goiztiri AEK-ko blogean argitaratuko dira

iritzia: 

Goierriko Kasta eta Goiztiri AEK euskaltegia lankidetzan ariko dira ikasturte honetatik aurrera. Urritik hasi eta ikasturte amaierara arte hilero-hilero Goierriko Kastako kideren baten testua argitaratuko dugu blog honetan.
Goierriko Kastako hainbat lagunek hartuko dute parte martxan jarri berri dugun proiektu honetan. Iker Zaldua, Juan Mari Apaolaza, Joseba Zubizarreta eta Irati eta Ekaitz Goikoetxearen testuak izango ditugu blogean, besteak beste.
Hilabete honetako testuaren egilea Iker Zaldua Zabalua dugu. Euskal Filologiako ikasketekin batera beste hainbat ikasketa egin zituen Gasteizen. Euskal Filologiakoak amaituta besteekin jarraitzen du oraindik. Bitartean itzultzaile gisa lan egiten du, aurretik irakasle izan ostean. Denbora librean idatzi egiten du eta Goierri Irratian literaturari buruzko hitz-aspertuak edo aspertzeko moduko hitzak kalakatzen ditu.

2011/10/14

Bertsoa eta kantua izango dira gaur Beasainen eta Ordizian

iritzia: 
Gaurko eguna kultur jardunaldiz josita dugu Goierriko bi herri jendetsuenetan. Beasainen bertsoa izango da ardatza: 'Bertsolari ' filma estreinatuko dute 19:30ean Usurbe Antzokian eta 22:30ean, berriz, bertso saioa izango da. Bertan izango dira kantuan Sebastian Lizaso, Julen Agirre, Iñaki Apalategi, Sustrai Colina, Jon Maia eta Julio Soto.

Ordizian, berriz, kantu jira egingo dute 19:30ean eta ondoren afaria. Eztarriko ahots kordak findu nahi dituenak badu aukera gaur Ordizian! Animatu, beraz, ekitaldi hauetakoren batean edo gehiagotan parte hartzen!